logo-osakidetza logo-gb

EUSKAL OSASUN SISTEMA PUBLIKOAREN COVID-19AREN INGURUKO IKERKETEN LABURPENA

 

Euskal Osasun Sistema Publikoa oso aktibo mantendu da pandemia hasi zenetik, COVID-19aren inguruko azterlanetan parte hartuta eta azterlanak abian jarrita, bere lau Ikerketa Institutuen bitartez: Bioaraba, Biocruces Bizkaia eta Biodonostia Osasun Ikerketa Institutuak, eta Kronikgune Osasun Zerbitzuen Ikerketa Institutua. Euskal Osasun Sistema Publikoko profesionalak 174 ideia baino gehiagotan aritu dira lanean, proiektuak zein azterlan klinikoak barne hartuta. Horretarako finantzaketa lehiaketako laguntzen deialdien bidez eta hainbat erakunde pribaturekin egindako akordioen bidez bilatu da. Ideia horietatik (proiektuak eta azterlan klinikoak), momentu honetan, ia 100 garapen bidean daude jada, batzuk hasierako faseetan eta, beste batzuk, fase aurreratuagoetan.

Proiektu hauen helburua da koronabirusaren pandemiak planteatutako erronkei aurre egitea: prebentzioa; diagnostiko goiztiar, fidagarri eta azkarra; tratamendua; gaixotasunaren eta haren estadio eta konplikazioen azterketa klinikoa; SARS-CoV-2 birusaren karakterizazio biologikoa; azterketa epidemiologikoak; eta mundu mailako osasunarekin eta gizartean izandako inpaktuarekin lotutako azterlanak.

Sisteman abian dauden proiektuak aztertuz gero, hiru tipologia hauetan multzoka daitezke:

· Talde handiena (% 28) tratamenduari buruzko proiektuek osatzen dute eta hauek dira proiektu hauen azterketa gaiak: une honetan dauden antibiralen erabilera eta horietako bakoitzaren eraginkortasuna, eriondoko pazienteen plasma infusioaren moduko tratamendu berrien erabilera pneumoniaren okerrerako eboluzioa murrizteko, aireztapen erabilera berrien eraginkortasuna eta arnasgailu berrien garapena.

· Diagnostikoari buruzko proiektuak proiektu guztien % 16 dira. Garrantzi handiko arloa da hau, metodo diagnostiko berri, azkar eta sentikorrak behar baitira. Proiektu hauek arreta jarri dute diagnostiko test erraz, azkar eta merke berrietan, prozesua errazten duten protokolo eta teknika berriak erabiltzen dituztenak, eta lagin biologiko desberdinak erabiltzen dituztenak ere, hala nola listua, biztanlerian laginak hartzea errazteko helburuarekin.

· Gaixotasunaren karakterizazio klinikoa da proiektuen zati handi baten helburua (% 21). Karakterizazio hori gaixotasunaren estadio guztiak, pronostikoarekin lotutako faktoreak eta lotutako konplikazioak zehaztean datza. Honela, esaterako, zenbait azterlan COVID-19ak osasun mentalean duen inpaktua aztertzen ari dira, bai gaixoengan zein osasun arloko profesionalengan eta biztanleria osoan ere. Beste proiektu batzuk, aldiz, arrisku faktoreekin edo

konplikazioekin lotutako aurrejoera genetikoa ikertzen ari dira. Aurretiko patologiak (diabetesa, esklerosi anizkoitza, bihotz gutxiegitasuna, etab.) dituzten pazienteengan gaixotasunak duen eboluzio klinikoa ere aztertzen ari da, eta baita kolektibo jakinetan duena ere (haurdun dauden emakumeak).

· Ikerketa epidemiologikoak ere (% 16) hainbat proiekturen xedea dira. Ikerketa hauek gaixotasunaren intzidentzia, sintoma klinikoak, erabilitako tratamenduak, arrisku faktoreak eta eboluzioa aztertzen dituzte, adin taldeen eta kolektibo jakinen arabera, modu horretan gaixotasuna biztanleria osoan prebenitu eta kontrolatu ahal izateko.

· Prebentzioa da proiektuen arreta bereganatu duen beste arlo bat, zehazki proiektuen % 4en kasuan. Talde honen barne daude maskara berrien fabrikazioari buruzko azterlanak, eta baita COVID-19aren prebentzioa eta jarraipena herritarren sarean egitea ahalbidetzen duten aplikazio berrien sorrera ere.

· Beste proiektu batzuek (% 6) pandemiak oro har izan duen inpaktua aztertzen dute, hainbat arlotan: osasuna, konfinatuta egotearen ondorioz adinekoen edo haurren bizi kalitateak eta kalitate sozialak jasandako inpaktua, gaixotasuna izan dutenek pairatutako inpaktua, osasun profesionalen esperientzia, eta inpaktu ekonomikoa osasun baliabideen, ospitaleen eta lehen mailako arreta zentroen baliabideen erabileran.

· SARS-COV-2aren portaera eta biologia dira proiektuen % 3ren gai nagusia. Hauen xedea da SARS-CoV-2aren filogenia aztertzea, birusaren leinua, alegia, hartara transmisio bide posibleak aurkitzeko eta paziente tipologia desberdinetarako odoleko inflamazioaren markatzaileak definitzeko.

· Azterketa arloen artean ere aurkitzen dugu immunitatearena, proiektuen % 3 hartzen duena. Lortu nahi dena da immunitate sistemak birusaren aurrean duen erantzuna ezagutzea, gaixotasunaren eboluzioan immunitate sistemako zelula mota bakoitzak duen eginkizuna argituta eta arrisku handieneko profil immunologikoak zeintzuk diren aztertuta.

· Azkenik, proiektu multzo heterogeneo bat ere bada (% 4), besteak beste, honako aztergaiak barne dituena: osasun profesionalen prestakuntza pazienteen maneiuan edo osasun teknologia berriak garatzeko azelerazio plataformen sorrera.

 

COVID-19 LAGINEN BILDUMA

Euskal Biobankuak COVID-19 bilduma sortu du, Bioaraba, Biodonostia eta Biocruces Bizkaia Osasun Ikerketa Institutuekin lankidetzan. Bilduma horretan jaso dira 3.915 pazientetatik hartutako 30.960 lagin, behar dituzten ikerketa proiektuen eskura daudenak, patologia berri honen ezaguera sakontze aldera. Laginak, gehien bat, odola, seruma, plasma, leukozitoak, azido nukleikoak, listua eta postmortem ehunak dira. Une honetan, Euskal Biobankuak COVID-19aren inguruko 30 proiektutarako lagin eskaerak

jaso ditu (2 saiakuntza kliniko barne), 17 ikerketa zentrotatik egindakoak, eta orain arte 4.813 lagin eman dira, lotutako datu klinikoekin batera.

Ekimen honi esker, SARS-COV-2 birus berriari buruzko proiektuek COVID-19aren gaixotasuna pairatu duten pazienteetatik eratorritako laginen katalogo bat dute eskura. Laginak infektatutako pazienteetan hartu dira, gaixotasunaren larritasun estadio desberdinetan zeudenak: hildakoak, zainketa intentsiboetako unitateetan zeuden paziente larriak, paziente ospitaleratuak, eta baita ospitaleratu ez ziren paziente sintomatikoak, asintomatikoak edo laborategiko froga bidez baieztatu gabeko baina COVID-19arekin bateragarria zen koadro klinikoa zutenak ere. Halaber, pertsona osasuntsu baieztatuen kohorteetakoak ere, COVID-19 sintomatologiarik gabekoak (kontrol osasuntsuak, ikerketa proiektuetarako oso garrantzitsuak direnak). Paziente hauen % 10en kasuan, laginak eskuratu dira jada gaixotasunaren bilakaera klinikoaren hainbat momentutan. Lagin horiei jarraipen lagin izena ematen zaie eta gaixotasun berri honen ondorio posibleak aztertu nahi dituzten proiektuetarako balioko dute.

BIOEFek koordinatzen duen Euskal Biobankua Osakidetzaren, Osasun Sailaren eta Bioaraba, Biodonostia eta Biocruces Bizkaia Osasun Ikerketa Institutuen tresna bat da, ikerketa helburuetarako baliatzen diren lagin biologikoen kudeaketarako.

 

AURREIKUSITAKO INPAKTUA:

· Prebentzioan laguntzea, oso infektiboak eta transmitigarriak diren agenteen aurka borrokatzeko mekanismo eta jarraibideei esker.

· SARS-CoV-2 birusarekin infektatutako pazienteen diagnostikoa eta kudeaketa klinikoa hobetzen laguntzea.

· Uneko pandemian gaixotasunaren tratamendua hobetzen laguntzea.

· Pandemiari modu eraginkorrean aurre egiteko osasun publikoko neurrien diseinuan, garapenean eta ezarpenean laguntzea.

· Gaixotasunari eustea eta SARS-CoV-2 birusaren intzidentzia murriztea, detekzio ahalik eta azkarrena eta fidagarriena lortuta, eta zuzeneko zein zeharkako kontaktu bidezko transmisioa murriztuta.

· Gaixotasunaren intzidentziak gizartean duen inpaktua aztertzea, hainbat arlotan: arlo soziala, politikoa, ekonomikoa, etab.

 

2021eko urtarrilaren 22

Proyectos covid

top
<Itxi