logo-osakidetza logo-gb

Noticias y Agenda

17/05/2019

BIOEF-ek Refbio-ren bigarren fasearen itxiera-jardunaldian hartu du parte

Iragan ekainaren 13an, Iruñean izan zen topaketan Euskal Osasun Sistema Publikoko 12 profesional elkartu ziren, eta 6 proiekturen emaitzak eman zituzten jakitera bertan

Euskal Osasun Sistema Publikoko (EOSP) kideek, Biocruces-Bizkaia eta Biodonostia Osasun Ikerketa Institutuek, Berrikuntza+Ikerketa+Osasuna Eusko Fundazioarekin batera (BIOEF), RefbioII-ren itxiera-jardunaldian hartu dute parte, Navarrabiomed zentroaren egoitzan ospatua. Pirinioetako Ikerkuntza Biomedikoko Mugaz Haraindiko Sarearen bigarren fase honek sareko 9 kide elkartu ditu (ikerketa-zentroak, ospitaleak, unibertsitateak eta enpresak), sektore biomedikoko hainbat profesionalez gain. Guztira, eskualde kideetako (Aragoi, Euskadi, Errioxa, Akitania Berria, Okzitania eta Nafarroa) ehun bat profesionalek hartu dute parte ekitaldian. Haiek, ezagutzera eman dituzte “Lankidetza proiektuen” eta “I+G-ko Berrikuntza eta Emaitzen Transferentzia Proiektuen (PITRID)” deialdietan garatutako 20 proiektuen emaitzak.

Jardunaldiaren irekieran aritu ziren: Izaskun Goñi, Nafarroako Gobernuaren Ekonomia- eta enpresa-politikako eta Laneko Zuzendari nagusia; Olga Irastorza, CCI Transfronteriza, Bihartean erakundearen presidentea eta Interreg POCTEFA Competitiv’eko proiektuaren ordezkaria; eta Marisol Fragoso, Navarrabiomed zentroaren kudeaketa-zuzendaria eta 2012an abian jarri zenetik Refbio ekimenaren burua.

Sortu zenetik, Refbio-ren xedea izan da ikerketa biomedikoan mugaz haraindiko lankidetza sendotzea. Gainera, bigarren fase honetan zehar, are garrantzia handiagoa eman zaio berrikuntzari eta emaitzen erabilerari eta transferentziari.

Zentzu horretan, 2016-2019 aldian, 49 ikerketa-talde gehiago sartzea lortu da, 20 proiektutan aritzeko: 7 Lankidetza proiektu eta 13 PITRID. Azken horietatik, 6 proiekturen buru izan ziren SSPV ELIFRAIL (Itziar Vergara, Biodonostia), IBD-IFXADA (Sergio Cardoso, Berrikuntza+Ikerketa+Osasuna Eusko Fundazioa – BIOEF), SAT-PREDIAB (Urko Aguirre, Biocruces-Bizkaia OII), AGEHDACIS (Jaione Auzmendi, Biodonostia OII), DATAANAERC (Marcos Arauzo, Biodonostia OII) eta IKERICTUS (Iraide Alloza eta Marimar Freijoo, Biocruces-Bizkaia OII).

 

Oro har, ekimen horiek – terapia zelularraren, onkologiaren, neurozientzien, genetikaren, epidemiologiaren, arlo kardiobaskularraren, gaixotasun infekziosoen, osasuneko teknologiaren, biobankuen eta saiakuntza klinikoen arloetakoak – kide diren erakundeetan 23 pertsona kontratatzen lagundu dute.

Horrez gain, RefbioII proiektuan eskualdeen arteko lankidetzako 2 tailer garatu dira, Bilbon eta Tolosan (Frantzia), non sektore biomedikoko 300 profesionaletik goraren parte-hartzea lortu zen. Parte hartzaileen artean 20 enpresatako ordezkariek hartu zuten parte, zeinak 100 kontaktutik gora ezarri zituzten mugaz haraindiko lankidetzarako.

Ikerketa onkologikoaren inguruko osoko biltzarra

Itxiera-jardunaldian Xose M. Fernández-ek hartu du parte, biologia molekularrean eta bioinformatikan aditua eta egun Institut Curie institutuan (Paris) Datuen Zuzendaria, zeina erreferentziako zentroa den minbiziaren ikerketan eta tratamenduan. Fernándezek gaur egun gaixoek sortzen dituzten datu klinikoen, molekularren eta genomikoen “tsunamia” nabarmendu du eta baita aukera terapeutiko onenak zehazteko informazio klinikoa erabiltzeko modua nola landu ere. Saioan zehar, lan egiten duen zentroak garatzen dituen metodo eta tresna berritzaileak zein diren eta haiek eremu onkologikoan dituzten erabilerak eman ditu ezagutzera.

Ikerketaren kudeaketarako ere egon zen denbora programan. Juan E. Riesek landu du gai hori, Instituto de Salud Carlos III erakundearen nazioko ordezkaria, zeinak jakitera eman dituen Osasun arloan I+b-ren finantzazio aukera berriak eta Europako hurrengo lehiaketen deialdien gako-arloak.

Refbio-ren inguruan informazio gehiago

Sarean 7 urtez gogoz lan egin ondoren, Refbio-k lortu du bere helburua, Pirinioen bi aldeetako profesionalek ikerketa biomedikoko lankidetza proiektuetan aritzea lortu baitu. Hemendik aurrera, sareak bi faseetan sortutako komunikabideei eta kontaktuei eutsiko die zentro-anitzeko ekimenak garatzeko.

Refbio-ren bigarren fasearen % 65 Eskualdeen Garapenerako Europako Funtsak finantzatu du (FEDER) Interreg V-A Espainia-Frantzia-Andorra Programaren esparruan (POCTEFA 2014-2020). POCTEFAren helburua Espainia-Frantzia-Andorraren arteko mugen bateratze ekonomiko eta soziala sendotzea da. Mugaz haraindiko jarduera ekonomikoak, sozialak eta ingurumenekoak garatzen laguntzen du lurraldearen garapen jasangarrirako baterako estrategien bitartez.

Refbio-ren bigarren faseko erakunde kideak:

 

16/05/2019

ITHACA proiektuak Europako 8 eskualdetako ordezkariak bildu zituen 2020-2021eko ekintza-plana zehazten lagunduko duen esparru estrategia aurkezteko

  • 2020-2021eko ekintza-plana garatzeko abiapuntua izan zen Berrikuntza+Ikerketa+Osasuna Eusko Fundazioak-BIOEFek eta Biodonostia Osasun Ikerketa Institutuak antolatutako workshop-a.
  • Zahartze aktibo eta osasuntsuaren ikerketan eta berrikuntzan oinarritzen da proiektuaren jarduera nagusia.
  • Euskal Osasun Sistema Publikoak ITHACA proiektuan hartzen du parte Bioef, Biodonostia eta Kronikgune bitartez; lehenak partner gisa eta beste biek stakeholder gisa jarduten dute.

InnovaTion in Health And Care for All” (ITHACA) proiektuaren helburu nagusia ekosistemari (herri-agintariak, industria, akademia eta gizartea) osasunaren eta arreta sanitarioaren inguruko jakintza sortzen eta irtenbide berritzaileak hedatzen laguntzeko eskualdeko politikak hobetzea da, Europako herritarren mesederako.

Aipatutakoa lortu ahal izateko, osasunaren eta arreta sanitarioaren arloko berrikuntza adimendunari buruzko esperientziak eta jardunbide egokiak partekatu dira proiektua egikaritzeko lehen fasean zehar, biztanleriaren zahartze aktibo eta osasuntsua sustatzeko helburuarekin. Ezagutza honetatik abiatuta, bigarren fasean, bazkideak bederatzi eskualde-ekosistemen hobekuntzan ardaztuko dira, eta ardatz nagusia zahartze aktiboa eta osasuntsua izango da.

Biodonostia Osasun Ikerketa Institutuan (Biodonostia OII) egindako topaketak Herbehereak, Frantzia, Danimarka, Ingalaterra, Polonia, Eslovenia, Italia, Alemania eta Euskal Herriko 40 pertsona biltzea lortu du eta, guztien artean, proiektuaren bigarren fasean zehar (2020-2021) ezarriko den ekintza-plana prestatzeko prozesuari ekin diote.

Bi bloketan egituratu zen jardunaldia. Lehen blokeak hurrengoa hartu zuen barne: Biodonostia Osasun Ikerketa Institutuko (Biodonostia OII) zahartzeari buruzko estrategiaren hedapen-saio bat, ITHACA proiektuaren esparru estrategiaren aurkezpena (bederatzi eskualdeek identifikatu eta partekatutako jardunbide egokietatik abiatuz sortutako estrategia) Astrid Kaagen eskutik (North Brabant eskualdekoa eta proiektuaren burua)-, eta eskualde bakoitzaren hobekuntza eremuei buruzko bederatzi eskualdeen aurkezpena.

Bigarren blokean, aldiz, eskualde eta eskualdearteko taldetan egin da lan. Saio horietan, eskualdeko ekintza-planaren parte izateko hautagai diren zahartze aktiboari buruzko irtenbide adimentsuak hausnartu, identifikatu eta garatu dira. Jarraian, bertaratutako guztiek Biodonostia OII-ko eta Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkeko azpiegiturak ezagutzeko aukera izan dute. Azken honen egoitzan, Gipuzkoako Biozientzia-Osasunaren arloan lan egiten duten enpresak aurkeztu ziren.

ITHACA proiektuari buruzko informazio gehiago: https://www.interregeurope.eu/ithaca/

Ander Matheuren eskutik, Biodonostia OII-ren Zahartze Estrategiaren aurkezpena

 

Biodonostia OIIn ITHACAren workshopera bertaratutakoak, 2019ko martxoak 16

 

ITHACAren workshopera bertaratutakoak, Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkearen egoitzara egindako bisitaren ondoren

 

2019ko martxoak 16

12/04/2019

Parkinsonaren diagnostiko goiztiarra eta eragileak dira gaixotasun honen inguruko Osakidetzaren ikerketaren oinarria

  • Euskal Osasun Sistema Publikoa 30 ikerketa-proiektu baino gehiago garatzen ari da gaur egun Parkinson gaixotasunari buruz
  •  Ikerketak Osasun Ikerketa Institutuetan garatzen ari dira eta alderdi hauetan oinarritzen dute beren ahalegina: gaixotasunaren diagnostiko goiztiarra, estimulazio kognitiboa, gaixotasunaren sorburu genetikoaren ikerketa eta immunoterapia, besteren artean
  •  20 urte bete dira Gurutzeta Unibertsitate Ospitalean 1. Parkinson kirurgia egin zenetik

Osakidetza 30 ikerketa-proiektu baino gehiago garatzen ari da gaur egun Parkinson gaixotasunari buruz. Proiektu horien ikerketa-lerroen oinarriak hauek dira: diagnostiko goiztiarra hobetzea, biomarkatzaileen, faktore eragileen eta forma hereditarioen identifikazioaren bitartez, eta tratamendu posibleak aztertu eta hobetzea, sintomak kontrolatzen edo beren eboluzioa atzeratzen laguntzeko.

Arlo honetan ikertzeko lortutako kanpoko finantzazioarekin Bioaraba, Biocruces Bizkaia eta Biodonostia Osasun Ikerketa Institutuetan garatzen ari dira batez ere gaixotasun honi buruzko ikerketa-proiektuak.

Biocruces Bizkaia Osasun Ikerketa Institututik, Nerbio Sistemako Gaixotasunen ikerketa-taldea, Juan Carlos Gómez Esteban doktoreak koordinatuta, erreferentziazko baterako azterlanak aurrera eramaten ari da erretinari buruz Parkinson gaixotasunaren markatzaile goiztiar gisa; baita malkoarekin ere, bertan detektatzeko garunean metatzen den proteina, gaixotasuna agertzea eragiten duena (orain ari dira lantzen proiektua Euskal Herriko Unibertsitatearekin). Horretaz aparte, institutuak medikamendu ezberdinekin egiten ari den hamar bat saiakuntza klinikoetan parte hartzen du.

Bestalde, Biocruces Bizkaia Europako bi ikerketa-proiektutan ari da parte hartzen H2020 (‘Horizon 2020’) programaren barruan;  vCare eta GateKeeper, biak pazienteak zenbait gaixotasun neurodegeneratibo eta metabolikoei aurre egiteko etxean egiten duen errehabilitazioarekin erlazionatuta daude.

Bestalde, nabarmentzekoa da 20 urte bete direla lehenengo Parkinson ebakuntza egin zenetik Gurutzeta Unibertsitate Ospitalean, kontuan izanik Estatuko zazpi “Erreferentzia Zentroetako” bat dela Parkinson gaixotasunaren kirurgiarako. Harrezkero, 300 ebakuntza baino gehiago egin dira azken 20 urte hauetan.

Gómez Esteban doktoreak adierazi duenez, “gaur egun aurrerapen teknologiko handiak lortu dira Parkinsonaren tratamenduan, horien artean, garuneko elektrodoak, lehen erastikoak ziren eta orain direkzionalak dira, adibidez, eta duela bi urte aplikatzen hasitako ‘immunoterapia’ teknikak, pazienteetan gaixotasuna aldarazteko: sintomak ez ezik, gaixotasunaren aurrerabidea geldotu edota geldiarazteko ere.”

Bere aldetik, Biodonostia Osasun Ikerketa Institutuak, Gaixotasun Neurodegeneratiboetako Taldearen bitartez, “azken urte hauetan zenbait ikerketa-proiekturi heldu die eta emaitza onak espero dira”, talde horretako koordinatzaile Javier Ruiz Martínez doktorearen hitzetan. Nabarmentzekoa da gizabanako osasuntsuen ‒gaixotasuna urte batzuk geroago garatu dutenak‒ laginetan biomarkatzaile metaboliko plasmatikoak identifikatzeko aukera eman duten ikerketetan izan duen partaidetza.

Biodonostiak, gainera, estimulazio kognitiboak Parkinsona duten pazienteetan duen eraginean oinarritzen ditu bere ikerketak, Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL) erakundearekin batera, helburu honekin: aztertzea prozedurak horrek errendimendu kognitiboa hobetzen duen Parkinsona eta narriadura kognitibo arina duten pazienteetan, eta jakitea horrek korrelazioa duen garunaren aktibazio-patroian hobera egitearekin zeregin kognitiboetan.

Nazioarte mailan Biodonostiaren jarduerari buruz, aipatzekoa da 2012an kide egin zela sorburu genetikoko Parkinson Gaixotasunaren ikerketa partzuergoan, Michael J. Fox (MJFF) Fundazioak subentzionatuan. Sorburu genetikoko Parkinson gaixotasunaren bilakabide ebolutibo naturala ezagutzea da azterlanaren helburua nagusia, markatzaile klinikoak, neuro-irudiarenak edo analitikoak lortu ahal izateko, gaixotasunaren aurrerabidea adieraziko dutenak (hasierako aldia, bilakabide ebolutiboa eta abar), eta alderdi fisiopatologikoetan sakondu ahal izateko, gaixotasun horretara zuzendutako terapia espezifikoak planteatzeko aukera emango duten horietan, alegia.

Gainera, Bioaraba Osasun Ikerketa Institutua gaixotasunaren diagnostikoan eta pronostikoan oinarritutako ikerketak garatzen ari da. Bioarabako taldeak garatutako ikerketaren helburua da likido zefalorrakideoaren laginetan diagnostiko-teknika berri bat ezartzea eta optimizatzea, biomarkatzaile biokimiko baten detekzioan oinarritua, gaixotasun neurodegeneratibo desberdinen artean bereizi ahal izateko.

Neurozientziak Estrategia RIS3-Euskadin identifikatutako lehentasunezko arlo tematiko nagusietako bat dira, Biozientziak-Osasuna eremuan.

 

PARKINSON GAIXOTASUNARI BURUZ

Parkinson gaixotasuna, 1817az geroztik entitate nosologiko gisa ezagun, eragile ezezaguneko nahasmendu progresibo bat da. Bere adierazpide kliniko kardinalak hauek dira: Azinesia (mugimendu zehatz bat hasteko zailtasuna), Geldialdiko Dardara, Zurruntasuna, Nahasmendu posturala eta ibilketarena.

Parkinson gaixotasunak 40 urtetik gorako populazioaren % 0,5-1i erasaten die eta 65etik gorakoen % 2ri. Arraza guztiak eraso ditzake, nahiz eta bere intzidentzia zerbait handiagoa izan arraza zurian eta 2 sexuetan berdintsu.

 

12/04/2019

Donostian egin den Arreta Integratuari buruzko kongresuak milioi bat eurotik gorako ekonomia inpaktua izan zuen

Osakidetzako zuzendari nagusiak Kroaziako Sibenik hiriari eman zion lekukoa; bertan izango da konferentzia datorren urtean

Argazkia: Osakidetzako zuzendari orokorra, BIOEF eta IFICeko taldea

Pasa den asteazkenean, apirilaren 3an, amaitutzat eman zen ICIC 2019 San Sebastián Basque Country Arreta Integratuko Nazioarteko Konferentzia. Honako izenburu hau izan du konferentziak: “Kultura partekatu bat aldaketaren alde: pertsonetan oinarritutako zerbitzu integratuen ereduak ebaluatzen eta ezartzen”. Konferentzia Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostia-San Sebastiángo Udalak sustatu dute, BIOEF, Osakidetza eta Internacional Foundation for Integrated Care-rekin (IFIC) batera, eta asistentzia oso arrakastatsua izan da, Juan Luis Diego Osakidetzako zuzendari nagusiak itxiera-ekitaldian nabarmendu zuen bezala. Guztira, 1.322 pertsona izan dira: osasun-kudeatzaileak eta gizarte-zerbitzuetakoak, profesionalak, pazienteak eta erabiltzaileak, hirugarren sektoreko erakundeak edo ikertzaileak. Markak hautsi dira Konferentzia honetan izena eman dutenen kopuruan; urtero Europako hiri batean egiten da. Bertaratutakoen % 70 Espainiako estatutik eta munduko gainerako zenbait herrialdetatik etorri da. Gainera, milioi bat eurotik gorako inpaktu ekonomikoa izan zuen kongresuak.

Konferentzia honen bidez, toki- eta mundu-mailan arreta integratuaren eremuan izan diren azken aurrerapenak aurkeztu dira eta adituen arteko ezagutza trukatzeko bide eman da. Hitzaldi nagusien artean, honako hauek nabarmendu behar dira: Michael Marmotek gizarte-determinatzaileek morbilitatean eta heriotza-tasan izan dezaketen inpaktua aztertu zuen; Mª Ángeles Durán zaintzaren kargaz eta horren banaketaz (batik bat emakumeak izaten du karga hori) mintzatu zen; Henry Mintzbergek pertsonentzako arreta negoziotzat ez ulertzeko beharra nabarmendu zuen; edo Julio Mayolek pazienteen beharrak hobeto kudeatzen dituzten eta pazienteen emaitzak aurreikusi eta hobetzen dituzten teknologiak diseinatzeko beharra nabarmendu zuen. Oro har, guztiak etorri dira bat pertsona (bere egoera pertsonalak, asmoak, gizarte- eta familia-ingurunea eta abar barne) eta erkidegoa osasun- eta gizarte-arretaren erdigunean jartzeak nolako garrantzia duen.

Gainera, Donostiako topaketa Euskadin garatutako eta bereziki arreta integratuarekin ez ezik aringarrietarako arretarekin, osasunaren sustapenarekin, gizarte-arretarekin eta abarrekin ere lotura duten ekimen, proiektu, antolaketa-aldaketa eta tresnen aniztasunaren eta aberastasunaren erakusleiho izan da. Hori horrela, nabarmentzekoa da Iñaki Berraondo Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuordearen hitzaldia edo Euskadiko arretaren integrazioari buruzko eta ezarpenaren arrakasta nola lortu azaltzeko saioa.

Nazioarteko ordezkaritzen bisitak

Konferentziarekin lotuta, nazioarteko ordezkaritzen zenbait topaketa izan dira, Euskadin asistentzia-integrazioaren errealitatea hurbiletik ezagutzeko. Donostialdeako ESIra eta Bidasoako ESIra eginiko bisitez gainera, konferentziaren azken egunean topaketak egin dira Singapurreko eta Galesko ordezkariekin Gipuzkoako osasun-ordezkaritzan, Donostiako Ospitalean, Debabarrenako ESIan, Arabako ESIan, Gurutzetako Ospitalean edo Kronikgune Ikerketa Institutuan.

Konferentzia Euskadin egin izanak izan duen inpaktu ekonomikoa

Konferentzia garatzeak hirirako eta Euskadirako, oro har, BPGd-ari dagokionez 1.050.000 euro sortzea ekarri du, San Sebastián Turismo & Convention Bureauk jasotako datuen arabera. Zifra horiek ostatuaren, jatetxeen, garraioaren, erosketen eta abarren inguruan bertaratu direnek eragindako gastuaren eta Konferentziaren zerbitzuekin eta logistikarekin berarekin lotutakoen ondoriozko itzulkina islatzen dute.

Zer da arreta integratua?

Arreta integratua lehen mailako arreta eta ospitale-arreta fusionatzen dituen sistema da, eta gizarte-zerbitzuen eremuarekin koordinatzen da, pertsonei arreta etengabea eta koherentea emateko.

Euskadiko egungo osasun-mapak 14 Erakunde Sanitario Integratu (ESI) ditu eta, horietan, arreta pertsonaren inguruan antolatzen da, asistentzia-jardueraren zentroa baita. Eusko Jaurlaritzak sistema horren aldeko apustua egin zuen 2011n, biztanleriaren zahartzeak eragindako egoerari eta, ondorioz, horrek dakarren osasun-zaintzen beharrizan handiagoari erantzuteko.

 

10/04/2019

Gaceta Médica de Bilbao, bol: 116, zk: 1 (2019)

Gaceta Médica de Bilbao aldizkariaren azken edizioa hemen aurki dezakezu http://www.gacetamedicabilbao.eus.

EDUKIAK:

“Rhizarthrosiaren tratamendu kirurgikoa. Esperientzia pertsonala eta tekniken azterketa konparatua” Francisco Javier García-Bernal, Paloma Zayas-Pinedo, Salvador Cañas-Gómez

“Confirmación de la metodología diagnóstica diseñada para evaluar la dinámica cardiaca aguda durante 15 horas” Javier O Rodríguez, Sandra Medina, María Y Soracipa, Jairo J Jattin, Katherine Páez, Esmeralda Guzmán, Catalina Hurtado, Eder Anillo, Manuel A Garrido, Juliana Vásquez

“El fraude del atún rojo” María Pellón-Olmedo, María Almudena Sánchez-Martín, Ángel San Miguel- Hernández, Emilio Rodríguez-Barbero, María Rosario Pastor-Martín, Jesús Pachón-Julián

“Etengabeko emaitzak haurdunaldiak lortzen lagundutako ugalketa-teknikek lortutakoak” Koldo Carbonero-Martínez, David Pintado-Vera

“Nolakoa da Euskadin kanpoko desfibriladore automatikoen banaketa?” Javier Velasco-Montes, Silvia González-Díez

“Erradioterapia estereotaxikoa (SBRT) biriketako kartzinoma ez-mikrozitiko (CNMP) lokalizatuan” Germán Valtueña, Pedro Ensunza, Alicia Olarte, Clara Eíto, Brais Rodríguez, Pedro Mateos, Patricia Gago

“Fisioterapeuten rola zaintza intentsiboko/erreanimazio unitaeetan integratutako profesional gisa” Aitor Santi Franco-Arizaga

“Literatura, memoria, Medikuntza” Alberto Infante

 

01/04/2019

BIOEFek, Euskal Osasun Sisteman garatutako I+G+b emaitzak kudeatu eta transferitzeaz arduratzen denak, akordio bat lortu du arnas infekzioen eragile nagusienetako baten barianteak detektatu eta identifikatzeko kit baten ustiapen-lizentziarako

  • Biodonostia Institutuko Arnas Infekzioa eta Mikrobio kontrako Erresistentzia ikerketa-taldeak garatu du kit hori

Osakidetzako Donostialdea ESI-Biodonostia Osasun Ikerketa Institutuko (OII) – ITEMAS plataforma barruan dagoena– Arnas Infekzioa eta Mikrobio kontrako Erresistentzia taldeko ikertzaile batzuek, test bat garatu dute bakterio-kultiboetatik ateratako DNA laginetan Streptococcus pneumoniae 76 serotipo desberdin identifikatzeko. Streptococcus pneumoniaek gaixotze-tasa eta heriotza-tasa handiak eragiten ditu, mota askotako koadro klinikoen (infekzio onberak, esaterako, erdiko otitisa eta sinusitis akutua, edo infekzio larriak, hala nola, bakteriemia, meningitisa eta pneumonia) eragile nagusienetako bat baita.

Aurrerapen garrantzitsua da hori, Streptococcus pneumoniaek eragindako infekzioak arazo larria direlako Osasun Publikoarentzat, herrialde industrializatuetan nahiz garapen txikiagokoetan.

Biodonostia OIIko Ikerketari Laguntza emateko unitateari esker lortu da kitaren lizentzia. Ikerketa-taldean proiektua koordintzeaz, ESI Donostialdea ESIko Mikrobiologia Zerbitzuko balidazioez eta BIOEFeko (Berrikuntza+Ikerketa+Osasuna Eusko Fundazioa) Ikerketaren Emaitzak Transferitzeko Bulegoa (OTRI) (Euskadiko berrikuntza-prozesuaren lagungarri den egitura eta ITEMASeko nodo garrantzitsua) kudeatzeaz arduratu den ITEMAS Plataformaren nodo nabarmena da unitate hura.

PneumoStrip testari esker, bakterio-kultiboetatik ateratako DNA laginetan Streptococcus pneumoniae 76 serotipo desberdin detekta eta identifika daitezke. Orain arte, 95 pneumokoko tipo (serotipo) desberdin baino gehiago deskribatu dira, eta horiek kanpoko kapsularen konposizioagatik bereizten dira. Gaur egun, serotipo horien kopuru txiki baten (13 edo 23) kontra gaixotasuna prebenitzeko txertoak daude, Biodonostia OIIko Arnas Infekzioa eta Mikrobio kontrako Erresistentzia taldeko arduradun eta kitaren lau sortzaileetako bat den Txema Marimónen datuen arabera. 

Infekzioa eragiten duten serotipo zirkulatzaileak ezagutzeari esker, gaur egun dauden txertoek eman dezaketen babesa ezagutu ahal izango da eta etorkizuneko txertoak diseinatzen lagundu. Haatik, erreferentzia-teknika (Quellung) nekeza da, langile trebatuak eta antiserum-lote handiak behar ditu, eta ezin da lortutako emaitzen erregistrorik gorde. Hori dela eta, produktu hori garatu izana hobekuntza handia izan da serotipoak zehazteko eta, hortaz, gaixotasun pneumokozikoaren epidemiologia ikertzeko.

Hauek dira Operon enpresari eman zaion lizentziadun kitaren hiru abantaila nagusiak:

  • – Erraz egiten da eta emaitzak erraz interpretatzen dira
  • – Emaitzen objektibotasuna eta trazabilitatea
  • – Edozein Mikrobiologia laborategirentzat egokia

 

22/03/2019

DONOSTIAN MILATIK GORA ADITU BILDUKO DIRA ARRETA SANITARIO INTEGRATUARI BURUZKO NAZIOARTEKO KONGRESU BATEAN

Arreta Sanitario Integratuari buruzko urteko Nazioarteko Biltzarra, apirilaren 1etik 3ra

 

ICIC19

  • ICIC19 San Sebastian-Basque Country biltzarra arreta integratuaren inguruko osasun-arloko nazioarteko elkarraldi bat da, eta Osasun Sailaren ardatz estrategiko nagusietako bat.

 

  • Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostiako Udalak bultzatua, International Foundation for Integrated Care (IFIC) erakundearekin batera.

 

  • Europako zenbait herrialdetako eta munduko beste leku batzuetako nazioarteko ordezkariak bilduko dira bertan, Estatu Batuetakoak, Kanadakoak eta Singapurrekoak, besteak beste.

 

  • Arreta integratuaren sisteman batu egiten dira lehen mailako arreta eta ospitalekoa, eta gizarte-zerbitzuen arloarekin koordinatzen da pertsonei arreta etengabea eta koherentea ematearren.

Donostiak hartuko du apirilaren 1etik 3ra ICIC19 San Sebastian-Basque Country Arreta Integratuari buruzko Nazioarteko Biltzarra. Nazioarteko elkarraldi honetan milatik gora aditu bilduko dira, lehen mailakoak arreta integratuaren arloan: lehen mailako arreta eta ospitalekoa batzen dituen sistema, bere ekintzaren erdigunean pertsona kokatzen duena. Arreta integratua Osasun Sailaren ardatz estrategiko nagusietako bat da integrazio asistentzialari eta koordinazio soziosanitarioari dagokienez.

Kultura partekatu bat aldaketaren alde: pertsonetan oinarritutako zerbitzu integratuen ereduak ebaluatzen eta ezartzen da kongresuaren izenburua eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostiako Udalak bultzatu dute, International Foundation for Integrated Care (IFIC) erakundearekin batera.

Zientziaren arloko ekitaldi hau garrantzizko eszenarioa izango da euskal instituzioek nazioarteko eragileekin partekatzeko azken urteetan Euskadin garatutako koordinazio asistentzialaren eredua.

 

Arreta integratuaren aldeko apustua

Gizartea aldatu egin da eta horren erakusgarri dugu euskal gizartearen % 25ek 65 urte baino gehiago dituztela. Instituzioek erronka berriei erantzun behar diete orain: zahartzea, kronikotasuna edo mendekotasuna. Egoera horren aurrean, 2011n Eusko Jaurlaritzak arreta sanitario integratuaren eredu baten alde egin zuen apustu, hau da, lehen mailako arretaren eta ospitalekoaren artean zegoen arraila ezabatu eta biak batzearen alde, gizarte-zerbitzuekiko koordinazioa ahaztu gabe. Oraingo mapa sanitarioak Euskadin 13 Erakunde Sanitario Integratu (ESI) ditu eta horietan pertsonaren inguruan egituratzen da arreta, jardun asistentzialaren erdigunean, alegia. Eredu horren helburua da zaintza sanitarioak ez hain zatikatuak izatea; koherentzia, jarraitasun, eraginkortasun eta, azken finean, kalitate handiagokoak izatea.

ICIC19 San Sebastian-Basque Country baterako hausnarketa-foro bat izango da, herrialde guztiek etorkizunean aurre egin beharko dieten desafioei buruz, besteak beste, eremu hauetan: pertsonetan oinarritutako arreta-ereduak, kultura partekatuen sorkuntza eta etxeko arreta soziosanitario integratuagoa.

 

ICIC19 kongresuaren edukia

Kongresu hau urtero egiten da Europako hiri batean eta aurreko edizioetan Bruselan, Edinburgon, Bartzelonan eta Dublinen egin da. Arreta integratuari buruzko ezagutza garatzea eta trukatzea da elkarraldiaren helburua eta, bertan, profil desberdinetako adituek parte hartuko dute, haien artean, kudeatzaile sanitarioek eta gizarte-zerbitzuetakoek, profesionalek, pazienteek eta erabiltzaileek, hirugarren sektoreko entitateek, ikertzaileek eta, azken batean, gaian interesa duten pertsonek eta erakundeek.

Biltzarra ingelesez garatuko da gehienbat (itzulpen-zerbitzua egongo da) eta osoko bilkurek, lan-tailerrek eta beste saio paralelo batzuek osatuko dute. Hizlarien artean lehen mailako nazioarteko adituak egongo dira, besteren artean: Henry Mintzberg, irakaslea eta erakunde-teoriari buruzko hainbat libururen egile (AEB); Michael Marmot, Osasunaren eta Gizartearen aldeko Nazioarteko Zentroko zuzendaria (Erresuma Batua); Stephen Shortell, Osasun Publikoko Eskolako irakaslea, Berkeley-ko Unibertsitatea (AEB); Mª Ángeles Durán, Soziologiako irakaslea, Espainiako Ikerketa Zientifikoetako Kontseilu Gorena (CSIC), eta Julio Mayol, Kirurgiako irakaslea Madrilgo Complutense Unibertsitatean eta Berrikuntza Unitateko zuzendaria San Carlos Ikerketa Institutuan.

Biltzarkideen jatorria

ICIC19 San Sebastian-Basque Country kongresuak nazioarteko lehen mailako 1.100 profesional baino gehiago bilduko ditu, arreta integratuan adituak. Jatorriaren arabera, inskripzio gehienak Europatik (% 42) eta Estatu Batuetatik (% 37) iritsi dira. Zehazki, Espainiako estatutik etorritakoen % 75ek EAEn dute jatorria, eta estatuko gainerako lekuetatik Catalunya nabarmentzen da (% 12,5)

Europako gainerako herrialdeetako inskripzioen artean Herbehereak eta Erresuma Batua nabarmentzen dira; Europan jatorria duten guztizkoaren % 18 baino gehiago dira bakoitza. Ondoren, Belgika, Europako inskripzio guztien ia % 12rekin, eta Danimarka, Europako inskripzio guztien % 10ekin. Munduko gainerako lekuetatik, hauek bertaratuko dira: Australiatik 56, Kanadatik 49, Singapurretik 32, eta Estatu Batuetatik 27, beste herrialde batzuen artean.

Bisitak baliabide asistentzialetara

Programa zientifikoaren barruan, aurreikusita dago ordezkariek Donostialdea ESIko eta Bidasoa ESIko instalazioak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko baliabideak bisitatzea. Nazioartean interes handia pizten duten bisita horiekin, parte-hartzaileek zuzenean ezagutuko dituzte Euskadin dagoen integrazio asistentziala eta koordinazio soziosanitarioa, lehen mailako arretaren eta ospitalekoaren arteko ohiko arraila gainditzen dutena.

 

20/03/2019

Osasun arloko Ikerketa eta Berrikuntzarako Estrategiaren erdira iritsi gara eta ugariak izan dira ezarritako ekintzak

  • Iñaki Berraondo Osasun sailburuordeak, gaur, Eusko Legebiltzarrean, Euskadin biztanleen osasuna hobetzeko eta garapen sozioekonomikoari laguntzeko estrategia honen tarteko ebaluazio-txostena aurkeztu du
  • Aurreikusitako 10 ekintzetatik ia 9 hasi ditugu edo ezartzen hasiak gara estrategia garatzen hasi ginenetik bi urte eta erdi igaro direnean
  • Ekintzen ezarpen-maila handiarekin batera gero eta hobekuntza handiagoa antzematen da ikerketaren jardunean eta bere eraginean
  • 2015aren eta 2017aren artean, % 17,4 hazi da osasun-sisteman I+Gren inbertsioa eta % 66 finantzaketa lehiakorraren erakarpena Gaur egun, osasun-sistemak I+Gko 2.000 proiektu baino gehiago ditu eta 95 euskal erakunderi ematen die laguntza

2020rako Osasun-arloko Ikerketa eta Berrikuntzarako Estrategiak aurreikusitako ekintza guztietatik ia gehienak bete edo hasi ditu lehen urteetan Horrela egiaztatzen du tarteko ebaluazio-txostenak, estrategiaren erdian aurreikusitako 10 ekintzatatik ia 9 martxan daudela adierazten duenak.

Iñaki Berraondo Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuordeak, María Aguirre Osasun Saileko Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko zuzendariarekin batera, gaur, Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordean, estrategia horren tarteko berrikuspen-dokumentua aurkeztu du, osasun-sisteman ikerketaren eta berrikuntzaren sustapena zehazki aztertzen duen lehena, helburu bikoitzarekin: biztanleen osasuna hobetzea eta garapen sozioekonomikoari laguntzea.

2016an hasitako Estrategiari buruzko txostenak ziurtatu egiten du egin den aurrerapena 4 ardatz estrategikoetan -Inpaktu, Integrazioa, Pertsonak eta Baliabideak- baita aurreikusitako helburu guztietan ere. Planteatutako 57 ekintzetatik erdia baino gehiago ezarrita daude dagoeneko edo garapen-fase aurreratuan.

Aurrerapen nagusien artean nabarmentzekoak dira:

– RIS3 Euskadi biozientziak-osasun arloaren lidergoa eta lankidetza-proiektuen garapena

– berrikuntza irekiko proiektuen garapena, osasun-sistematik bertatik sortutakoena (Baliosasun programa), eta hirugarrenei zuzendutako laguntza berrikuntzaren eremuan (Innosasun programa), dispositibo medikoen eremua bereziki nabarmentzen dela kontuan hartuta

– Osasun-arloko Ikerketa Institutuetako jardueren koordinazioa, jagoletza lehiakorra barnean dela

– informazio-sistemen eta tresnen hobekuntza I+G+b garatzea ahalbidetzeko eta integrazioa lan asistentzialarekin.

– posizionamendua Europan

– konpromisoa Europar Batasuneko Human Resources Excellence zigiluarekin

– inbertsio handiagoa I+Grako, bereziki Osasun Sailarena eta Osakidetzarena, azken urteetan % 23tik gorakoa

Estrategiaren barruan, gainera, osasun-sistemaren I+G+b jarduerako erakundeen mapa osatu da, sistema bakarra eratzen duten 5 erakunderen inguruan (bioef, bioaraba, biocruces-bizkaia, biodonostia eta kronikgune)

Estrategia zabaldu izanak areagotu eta indartu egin du osasun-sistemak ikertzeko eta berritzeko duen ahalmena. 2015 eta 2017 artean horrek ekarri du:

 

  • % 17tik gorako igoera I+Gko jardueretako inbertsioan.
  • % 66ko igoera finantzaketa lehiakorraren erakarpenean, batik bat I+G+b zentroak egituratzeagatik eta pixkana profesionalizatzeagatik.
  • Ikertzaile-kopurua areagotzea (% 5). Bereziki nabarmentzekoa da langile horien % 49 emakumeak Belaunaldien txandakatzea dela eta, azpimarratzekoa da 40 urtetik beherakoen ehunekoa handitu egin dela, izan ere, 2010ean % 5 zen eta 2017an % 20.
  • Jardueraren kalitatea hobetzea; hori deialdi lehiakorretako arrakasta-tasaren igoeran ikusten da, baita prestigio handiagoko argitalpen zientifikoen gehikuntzan ere (ia % 4).

 

Guztira, gaur egun, euskal osasun-sistemak mota guztietako 2.000 ikerketa- eta garapen-proiektu baino gehiago ditu: oinarrizkoa, klinikoa, epidemiologikoa, osasun-zerbitzuetakoa, etab.

Era berean, osasun-sistema bazkide esanguratsu bilakatzen ari da hirugarrenei berrikuntza inguruan laguntza emateko; izan ere, guztira 95 euskal erakunderi eman die babesa, 2015eko kopuruaren bikoitzari. Aldi berean, guztira ia 300 ideia edo berrikuntza-proiektu sortu dira euskal osasun-sistemaren beraren barruan, kontuan izanik orain mota desberdinetako 36 garapenek osatutako zorro teknologikoa duela.

Osasun sailburuordeak adierazi duenez, ikerketa- eta berrikuntza-jarduerak gizartearen eskaera ukaezin bat dira eta “osasun-sistemaren ohiko jardunean osorik integratzea, beste eragile, herrialde eta eskualde batzuekin elkarrekintzan eta lankidetzan aritzea, eta lortutako emaitzak hobetzea gure esku dago, bizi-kalitate eta ongizate orokor hobeagoa batean eragina izateko”.

Agertzearen bideoa: https://bit.ly/2HYptaM

25/02/2019

Martxan da TBMED, gailu medikoen garapena bizkortuko duen berrikuntza irekiko plataforma bat sortzeko proiektu europarra

13 bazkide europarrek osatzen dute, eta konponbide berritzaileak gaixoarengana bizkorrago helaraztea du helburu

Otsailaren 20an, asteazkena, Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko Osasun Ikerketa eta Berrikuntzako zuzendariak eta Europako Batzordeko, Cidetec-eko eta Basque Health Cluster-eko ordezkariek gailu medikoak garatzeko berrikuntza irekiko hiru proiektu europarren aurkezpen-saioan hartu zuten parte. Euskal erakunde ugari ere izan ziren bertan.

TBMED proiektuan Frantziako, Irlandako, Espainiako eta Alemaniako 13 bazkide europar daude. Proiektua CIDETEC-ek koordinatzen du, eta hauek dira bazkideetako batzuk: Bioaraba, Biocruces Bizkaia eta Biodonostia Osasun Ikerketa Institutuak, Osteba eta BIOEF Berrikuntza + Ikerketa + Osasuna Eusko Fundazioa.

Proiektuak 8,5 milioi euroko finantzaketa jasotzen du Europar Batasunaren Horizon 2020 esparru-programaren bidez, eta 50 hilabete iraungo du. Denboraldi horretan, plataforma bat antolatuko da, biozientzien eta osasunaren arloko enpresa europarrei arrisku handiko gailu medikoak merkaturatzeko denbora murrizten laguntzeko.

Europako Batzordeak jarri du martxan proiektua, osasun-produktuen sektorerako Open Innovation Test Beds izenekoen esparruan, eta leihatila bakarreko plataformak sortu nahi ditu enpresa berritzaileentzat; horrela, balio-kate osoari erantzungo diote (kontzeptu-probatik hasi eta laborategi-eskalara iritsi arte), eta CE marka lortu aurreko faseetara ere iritsiko dira, saiakuntza klinikoak barne.

Proiektuak EBko osasun-sisteman premiazkoenak diren arazoetako biri heldu nahi die: gaixoari diagnostiko ezberdin ugari egiten zaizkiola; eta gero eta kostu handiagoak sortzen direla, eta, ondorioz, berrikuntzak sortu eta barneratu behar direla osasun-arretan. Hala ere, arrisku handiko gisa sailkatutako gailu medikoei buruzko EBko araudi berriek erronka handiak dakartzate, bereziki Europako ekoizpen-enpresa txikienentzat; alegia, TBMED proiektuaren xede-talde nagusiarentzat.

ETEek produktu berritzaileak gara ditzaten arreta hobea eta merkeagoa eskaintzeko eta hornitzaile handien lehiari aurre egiteko, partzuergoak berrikuntza irekiko saiakuntza-banku bat (OITB) garatu nahi du, aurrerantzean arrisku handiko IIb sailkapeneko gailu konplexuenak azter ditzan.

TBMED proiektuaz gain, Horizon 2020 programako beste bi proiektu ere aurkeztu ziren: MDOT (koordinatzailea: Fraunhofer Gesellschaft, Alemania) eta SAFE-N-MEDTECH (koordinatzailea: Biopraxis euskal enpresa). Bi proiektu horiek ere antzeko ikuspegia dute saiakuntza-bankuen garapenari dagokionez.

14/02/2019

BIOEF-ek Osasun Ikerkuntza Institutoekin batera bi jardunaldi antolatu ditu Euskal Osasun Sistema Publikoaren parte-hartzea sustatzeko Europa mailako proposamenetan

BIOEF-eko Nazioarteko Proiektu Unitateak (UPI) Osasun Ikerkuntza Institutoekin batera osasun arloko europar proiektuekin erlazionatutako bi jardunaldi antolatuko ditu.

Jardunaldien xedea da Euskal Osasun Sistema Publikoaren Europa mailako parte-hartzea sustatzea, haren nazioartekotzea bultzatzeko. Lehenengo egun batean, nazioarteko lankidetza proiektuen jardunaldi orokor bat ospatuko da, eta, ondoren, HORIZON 2020rako osasun arloko proposamenen idazmen-tailerra. Tailer hau bi egunetan zehar emango diren bi saiotan dago banatuta, eta proposamen batean ebaluatzen diren hiru zatiak aztertuko dira: 1. Saioan – Bikaintasuna eta Inplementazioa; 2. Saioan – Inpaktua.

Jardunaldi orokorra zein HORIZON 2020rako proposamenen idazmen-tailerra, hiru lurraldeetan ospatuko da taulan adierazten diren data eta lekuetan:

 

JARDUNALDI OROKORRA – NAZIOARTEKO LANKIDETZA PROIEKTUAK: NIRETZAKO DIRA?

  • 2019ko Otsailak 25 (12:00 – 15:00) – BIOEF

BECen Batzar-zentroa (5. Solairua, 2 gela)

Ronda de Azkue, 1 48902 Barakaldo

  • 2019ko Otsailak 27 (08:00 – 09:30) – Lakua-Arriagako Osasun Zentroa

Batzar gelak – Gorbeia gela

Julian de Arrese kalea, 5 01010 Vitoria – Gasteiz

  • 2019ko Martxoak 1 (12:00 – 15:00) – IIS Biodonostia

Ekitaldi gela

Begiristain Doktorea Pasealekua, s/n 20014 Donostia – San Sebastián

BIZKAIKO PROGRAMA 

ARABAKO PROGRAMA

GIPUZKOAKO PROGRAMA

 

TAILERRA: HORIZON 2020rako osasun arloko proposamenen idazmena

  1. SAIOA – BIKAINTASUNA ETA INPLEMENTAZIOA:
  • 2019ko Martxoak 4 (12:00 – 15:00) – BIOEF

BECen Batzar-zentroa (5. Solairua, 8 gela)

Ronda de Azkue, 1 48902 Barakaldo

  • 2019ko Martxoak 6 (08:00 – 11:00) – Lakua-Arriagako Osasun Zentroa

Batzar gelak – Gorbeia gela

Julian de Arrese kalea, 5 01010 Vitoria – Gasteiz

  • 2019ko Martxoak 7 (12:00 – 15:00) – IIS Biodonostia

Ekitaldi gela

Begiristain Doktorea Pasealekua, s/n 20014 Donostia – San Sebastián

  1. SAIOA – INPAKTUA
  • 2019ko Martxoak 11 (12:00 – 15:00) – BIOEF

BECen Batzar-zentroa (5. Solairua, 2 gela)

Ronda de Azkue, 1 48902 Barakaldo

  • 2019ko Martxoak 13 (08:00 – 11:00) – Lakua-Arriagako Osasun Zentroa

Batzar gelak – Gorbeia gela

Julian de Arrese kalea, 5 01010 Vitoria – Gasteiz

  • 2019ko Martxoak 14 (12:00 – 15:00) – IIS Biodonostia

Ekitaldi gela

Begiristain Doktorea Pasealekua, s/n 20014 Donostia – San Sebastián

BIZKAIKO TAILERRAREN PROGRAMA

ARABAKO TAILERRAREN PROGRAMA 

GIPUZKOAKO TAILERRAREN PROGRAMA

Jardunaldiak, Zabala Innovation Consulting, S.A.-ko Laura Sesmak eta Blanca Rodriguezek, Health European Programmes” eta “ICT European Programmes” arduradunak hurrenez hurren, emango dituzte.

Edozein jardunalditara joateko aukera dago. Izen-ematea doan da.

top
<Itxi