logo-osakidetza logo-gb

Europako zenbait eskualdek jardunbide egokiak trukatu eta ikasi ondoren, ITHACA proiektuak amaiera eman dio zahartze aktibo eta osasuntsuaren arloan Euskadirako interesgarriak izan litezkeen I+G+Bko ildoak identifikatzeko prozesuari

20/12/21


  • Euskadi parte hartu duten Europako bederatzi eskualdeetako bat da, eta zahartze aktibo eta osasuntsuan duen ezagutza partekatu du

 

  • Bazkideek proiektu honen bidez partekatu dituzten bizipenak irailaren 20an Eindhovenen (Herbehereak) egindako amaierako ekitaldian aurkeztu ziren

 

ITHACA (InnovaTion in Health And Care for All) proiektua INTERREG Europe-k finantzatzen du, eta bigarren fasea gauzatu du. Fase horretan, prozesu parte-hartzaile bat egin da beren jarduera zahartze aktibo eta osasuntsuaren arloan garatzen duten Euskadiko eragile nagusien artean, arlo horretan interesgarriak izan litezkeen I+G+Bko ildoak identifikatzeko eta adosteko, eta haien inguruan hausnartzeko.

Ekitaldian, proiektuko bizipenak eta jardunbide egokienak partekatzeko aukera izan zen, haren muina baitira. Bilerako dinamikak agerian utzi zuen era horretako proiektuek, hasiera batean, osasun-sistemei eta erakunde publikoei egiten dietela mesede, erronka komunen aurrean ikuspegiak trukatzean sortzen diren ideia berriak, ikuspegi berriak eta soluzio berritzaileak eskaintzen baitituzte. Hala ere, azken erabiltzaileak izango dira aldaketen onuradunak.

Nahiz eta ITHACA amaitu den eta zahartze osasuntsuaren arloan eskualde bakoitzerako ezarritako helburuak bete dituen, lankideek bizipenak trukatzen jarraituko dute, bereziki COVID-19aren egungo pandemiaren aurka eskualdeetan emandako erantzunak aztertzen, gaur egungo eta etorkizuneko erronkei hobeto aurre egin ahal izateko.

 

Bigarren fasea, xehe-xehe

Lehenengo fasean (2017-2020), zahartze aktibo eta osasuntsuaren arloko jardunbide egokiak eta gomendioak trukatu ziren, bazkideen eskualdeak bisitatuta, ezagutza eta bizipenak trukatzeko eta  eskualde bazkideetan identifikatutako adibideak egokitze aldera behar zen inspirazioa izateko.

Fase horretan, eskualde bakoitzak bertako zahartze-ekosistemako eragile nagusiekin batera lan egin zuen, dokumentu adostu bat prestatzeko eta, haren bidez, eskualdeek trukatutako informazioan oinarrituta berrikuntza eta zahartze osasuntsua sustatzera bideratutako neurriak egokitzeko.

BIOEFek (Biodonostia eta Kronikgune institutuekin batera) hainbat bilera koordinatu ditu eragile zientifiko eta teknologikoekin, zahartze aktibo eta osasuntsuaren arloan interesgarriak izan litezkeen I+G+Bko ildoen proposamen bat lantzeko. Dokumentu horrek Euskadiko zahartze-ekosistemako funtsezko zenbait eragilek egindako lana biltzen du. Lan hori ikuspegi anitzekoa, parte-hartzailea eta adostua izan da.

 

Bazkide nagusiak

ITHACA proiektuan, Europako bederatzi eskualdek hartzen dute parte; hauek dira haien ordezkariak: Noord-Brabanteko probintzia (Herbehereak), Zealand eskualdea (Danimarka), Ljubljanako Unibertsitatea (Eslovenia), Friuli Venezia Giuliako eskualde autonomoa (Italia), NHS Liverpool – Talde Komisionatu Klinikoa (Ingalaterra), Malopolskako eskualdea (Polonia), Baden-Württembergeko estatua (Alemania), Autonom´Lab (Frantzia) eta BIOEF-Berrikuntza + Ikerketa + Osasuna Eusko Fundazioa (Euskadi).

 

Proiektuaren inguruko xehetasun gehiago

top
<Itxi