logo-osakidetza logo-gb

Haurren minbiziaren inguruko ikerketara zuzendutako EiTB Maratoian bildutako dirua esleitu du BIOEFek

19/05/21


  • Deialdia EiTB Maratoia ekimen solidarioaren ondorioa da, eta 1.167.524,31 euro bideratuko ditu haurren minbiziaren inguruko ikerketa-proiektuetara

 

  • 10 ikerketa-proiektu finantzatuko dira, modalitate hauetan: “Haurren minbiziaren ikerketan laguntzeko plataforma”, “Doktoratu osteko ikertzaileentzako kontratuak” eta “Haurren minbiziaren inguruko ikerketa biomedikoko proiektuak”

 

Ebatzi da EiTB Maratoiak bildutako diru-funtsekin finantzatutako “haurren minbiziaren inguruko ikerketa-proiektuetarako laguntzen” deialdia, eta 2021eko maiatzaren 12ko EHAAn, 92 zenbakikoan, argitaratu. Euskadiko osasun-sisteman ikerketa eta berrikuntza sustatzeko Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak sortutakoa den BIOEFi (Berrikuntza + Ikerketa + Osasuna Eusko Fundazioa) dagokio diru-funts horien kudeaketa, eta kudeaketa horren ondorioa da ebazpena.

Guztira, 21 eskaera aurkeztu ziren, zeinak, aurreko urteetan bezala, Estatuko Ikerketa Agentziak ebaluatu baitzituen, Koordinazio eta Ebaluazio Azpisailaren bitartez, ebaluazio zientifiko eta teknikoa egin ziezaieten.

Biocruces Bizkaia  eta Biodonostia Osasun Ikerketa Institutuetan garatuko dira finantzatutako proiektuak.

 

IKERKETAREN GARRANTZIA

Urtero, Europan eta, oro har, herrialde garatuetan minbizi-kasu bat diagnostikatzen da 15 urtetik beherako 7.000 haurreko. Euskadin, tasak antzekoak dira eta, urtero, 60-70 minbizi-kasu inguru diagnostikatzen dira 19 urtetik beherako pertsonen artean.

Azken bost urteetan, aurrerapen garrantzitsu batzuk izan dira minbiziaren aurkako borrokan immunoterapiari eta terapia gidatuari dagokienez, baina botika berriak batez ere helduentzat dira eta medikamentu berri gutxi daude haur eta nerabeek dituzten minbizi moten aurka.

Hori dela eta, beste bide batzuk bilatu behar dira haurren minbiziaren inguruko ikerketan laguntzeko, baita terapia berriak ere, pronostikoa hobetzeko eta paziente gehiago sendatzeko.

 

EITB MARATOIAREKIN LANKIDETZAN

Osasun-sistemaren eta EiTB Maratoiaren arteko lankidetza, abian jarri zenetik, jarduera garrantzitsua izan da ikerketa sustatzeko eta ikertzaileen ahaleginari esker aurrerapauso ugari lortzen ari diren osasun-zientziei bultzada emateko.

2002an sortu zenetik, BIOEF EiTB Maratoiarekin lankidetzan aritu da gaixotasun baten edo gaixotasun multzo baten inguruan sentsibilizatu eta ikerketarako dirua biltzeko kanpainan.

Lortutako diruarekin, BIOEFek ikerketa-proiektuak finantzatzeko laguntzen lehia bidezko deialdia ateratzen du urtean behin. Kanpoko agentzia ofizial batek ebaluatzen ditu eskaerak arlo zientifikoari dagokionez eta hark hautatzen ditu onenak.

Gizartearen elkartasunari esker, orain arte 5 milioi euro bideratu dira hainbat arloren inguruan ikertzeko 100 proiektutarako; besteak beste, minbizia, gaixotasun kardiobaskularrak, alzheimerra, autismoa, desgaitasun intelektualak, gaixotasun mentalak, hartutako kalte zerebrala, transplanteak eta gaixotasun arraroak.

top
<Itxi