logo-osakidetza logo-gb

BIOEFek eta Osakidetzak Merkataritza aurreko Erosketa Publikoari buruzko proiektu europar batean parte hartzen dute erikortasun anitzeko pazienteentzako konponbide berritzaileak garatzen laguntzeko

18/05/21


Euskadin gero eta paziente gehigok dituzte patologia kronikoak; izan ere, Osakidetzaren arreta jasotzen duten emakumeen % 26k eta gizonen % 21ek dituzte gutxienez 2 egoera kroniko edo hortik gora (Orueta et al, 2013). Hainbat azterlanek erakutsi dute oso konplexua dela erikortasun anitzeko edota patologia anitzeko pazienteei arreta ematea, horiek askotariko zailtasunak baitituzte haien zainketak antolatu eta osasun-egoera eta tratamendua kudeatzeari dagokienez. Gaur egun, konponbide teknologikoak gara daitezke paziente-mota horrentzat, hain beharrezkoak diren arreta, tratamendu, kudeaketa eta laguntzara berariaz zuzenduta.

Osakidetzak, Berrikuntza + Ikerketa + Osasuna Eusko Fundazioarekin (BIOEF) batera, Carematrix proiektu europarrean parte hartzen du, erikortasun anitzeko edota patologia anitzeko pazienteentzako osasun-sistemetan konponbide hobeak garatzen laguntzeko, arreta hobea sortzeko eta, hortaz, pazienteen bizi-kalitatea hobea izan dadin.

Proiektu horretan Norvegia, Suedia eta Euskadiko 6 bazkidek parte hartzen dute. Innovation Skånek (Suedia) koordinatzen du proiektua eta Europako Batzordeak diruztatzen du H2020 esparru-programaren barruan. Egitasmoaren aurrekontua 5 milioi eurokoa da guztira, eta milioi horietatik 4 patologia anitzeko pazienteentzako konponbideak garatzen laguntzeko erabiliko dira.

Osakidetzak eta Europako osasun-arretaren beste hornitzaile bik (Norvegia eta Suedia), teknologia berritzaileak garatzea proposatuko diote merkatuari, arreta prediktiboagoa eta integratuagoa izan dadin eta erikortasun anitz dituzten pertsonei laguntza handiagoa eman diezaien. Konponbide berritzaileek komorbilitate edo erikortasun anitzen eta botiken arabera sailkatuko dute pertsona. Erikortasun anitzak dituztenekin, osasun-arretako profesionalekin eta industria-sektoreko profesionalekin elkarrizketan arituz egin beharko da hori, eskarian oinarritutako Merkataritza aurreko Erosketa Publikoaren ikuspegiaren arabera. Merkataritza aurreko Erosketa Publikoa I+Gko zerbitzuen kontratazioa da; zerbitzu horien bidez, merkatuan eskuragai dauden konponbide berritzaileak hobetzeko konponbideak garatzeko behar den ikerketaren arriskuak eta onurak partekatzen ditu enpresekin erosle publikoak.

Berrikuntza eskuratuz, proiektuak gaixotasun anitz dituzten pazienteentzako tresna hobeak garatzen laguntzen du, paziente bakoitzari arreta-kate hobea emango dioten konponbideak lortze aldera, eta horrek pazienteen bizi-kalitatea hobetzea dakar.

Erosketa Publiko Berritzailea eta Merkataritza aurreko Erosketa Publikoa Euskadiko osasun-sistemaren politiketan daude kokatuta enpresa-berrikuntza sustatzeko estrategia gisa. Hortaz, ekimen hori plan eta estrategia hauetan jaso da: Osasun Sailaren Ildo Estrategikoetan, Osakidetzaren Erronka Estrategikoetan, Osasun Sailaren Ikerketa eta Berrikuntza Planean, RIS3 Euskadi izeneko Espezializazio Adimentsurako Ikerketa eta Berrikuntza Estrategian eta ZTBP 2030- Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planean.

top
<Itxi