logo-osakidetza logo-gb

TITTAN proiektua amaitu egin da, berrikuntzako jardunbide egokiak eskualde artean bost urtez trukatu ondoren

29/03/21


TITTAN proiektuak bigarren fasea (2019-2020) amaitu du, zahartze aktibo eta osasuntsuarekin loturiko berrikuntzako jardunbide egokiak integratu ostean, Europako hainbat eskualderen arteko truke-prozesu baten ondoren ebaluatu eta hautatu direnak.

Parte hartzen duten Europako zazpi eskualdeetako bat da Euskadi

TITTAN proiektuaren gaurkotasun-berriak

2020. urtearen amaieran, TITTAN (teknologia berritzailearen transferentzia-sarea zahartzearen arloan) proiektuak, INTERREG Europek diruztatzen duenak, bigarren fasea amaitu du, hain zuzen ere, zahartze aktibo eta osasuntsu baterako berrikuntza bultzatzen duten politiken garapenarekin loturiko jardunbide egokiak eskualdeka ezartzea xede duena. Proiektuan parte hartu duten Europako 7 eskualdeen artean TITTAN programan ezarritako hiru jardun-gaitako berrikuntza-tresnei edo ekimenei buruzko ezagutza trukatu ondoren hautatu ziren jardunbide egokiak. Hauek dira esandako hiru jardun-gaiak: a) berrikuntza teknologikoa enpresetatik osasun-sistemetarantz, “outside-in”, b) berrikuntza teknologikoa osasun-sistemetatik enpresetarantz, “inside-out”, eta c) zahartze osasuntsua lortzeko herritarrak aktibatzea.

 

Bigarren fasea, xehe-xehe

Lehen fasea (2016-2019) amaitu ondoren –zeinean bazkideek nazioarteko tailerrak eta bazkideen eskualdeetara bisitak antolatu zituzten zahartze aktibo eta osasuntsuaren gaineko jardunbide eta gomendioei buruzko ezagutza trukatzeko–, eskualde bakoitzak ekintza-plan bat egin zuen, proiektuan ezarritako hiru jardun-gaietan eskualde-politiken tresnak hobetzeko.

Hain zuzen ere, Euskadik hainbat bilera egin ditu zahartzean diharduten enpresa eta eragile zientifiko-teknologikoekin, elkarren arteko ezagutza eta elkarrekintza sustatzeko, guztien helburuak sustatze aldera. Era berean, berrikuntzako erosketa publikoa garatzeko berariazko jarduerak garatu dira, eta horiek 2020ko ekainean Interreg Europek antolatutako nazioarteko webinarraren –Webinar on public procurement of innovation– bidez esperientziak partekatzea eragin dute. Denboraldi berean, halaber, Kronikgune Osasun Zerbitzuen Ikerketa Institutuaren eta Osakidetzako Arreta eta Kronikotasun Bateratze Zerbitzuaren (SIAC) ordezkariak Glasgowera joan ziren “Living it Up” proiektuaren esperientziak Euskadira eramateko modurik onenari buruzko ikuspegiak trukatzera. Bestetik, TITTAN proiektuaren barruan pazientearen ahalduntzearen gaineko esperientzia partekatuak inspirazio izan dira Osakidetzako Osasun Eskola eta Paziente Aktiboaren programaren berrorientazio eta geroko bilakaerarako.

 

Azkenik, azpimarratu beharra dago TITTAN proiektua izan zela aitzin-hautetsietako 5 proiektuetako bat 64ren artean, SMART GROWTH: Industrial transition for a smart Europe kategoriaren barruan, Regio Stars 2020 sarietan –Europako sariak, EBk diruztatutako eskualde-garapenaren arloan bikaintasunaren eta ikuspegi berrien proiektuei ematen zaizkienak. Lortutako puntuazio onek agerian utzi dituzte osasun-sektoreko berrikuntza-prozesua eta teknologian oinarritutako konponbideen bilaketa babesteko garatutako jardunbide egokiak. Horiek eskuratzeko jardute berritzaileak, berrikuntza-ekosistema publiko eta pribatuak, osasun elektronikoa eta pazienteen parte-hartzea elkartuz sustatu dira.

 

Bazkide nagusiak

TITTAN proiektuan Europako zazpi eskualdek parte hartzen dute, eta hauek dira horien ordezkariak: Osasunaren ezagutzaren Galiziako Agentzia (ACIS)-bazkide koordinatzailea-; Berrikuntza + Ikerketa + Osasuna Eusko Fundazioa (BIOEF); Fondazione Regionale per la Ricerca Biomedica (FRRB, Lombardia); Healthy Saxony (HS); Digital Health & Care Institute (DHI, Eskozia); Lower Silesian Voivodeship Marshal Office (LSVMO); eta Almere hiria, Herbeheretan (Holanda). Euskadik, BIOEF ordezkari izateaz gain, beste eragile parte-hartzaile batzuk ere baditu: Osakidetza, Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila, Kronikgune, Tecnalia, Deustuko Unibertsitatea, Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU), Matia Institutua eta Mondragon Korporazio Kooperatiboa.

 

Proiektuaren inguruko xehetasun gehiago

 

 

TITTAN hautagaitza Regio Stars Awards 2020 sarietan: https://www.interregeurope.eu/tittan/news/news-article/8431/tittan-pre-selected-for-regiostars-awards-2020/

 

top
<Itxi