logo-osakidetza logo-gb

Osasun Sailak 2019 EiTB maratoia ekimen solidarioko 1.167.524,31 euro bideratu ditu Berrikuntza + Ikerketa + Osasuna Eusko Fundazioaren (BIOEF) haurren minbiziaren inguruko ikerketa proiektuetara (Gobernu Kontseilua 2020/10/06)

06/10/20


Gobernu Kontseiluak gaur onartu du laguntzen deialdia, Osasun Sailaren proposamenari jarraituta, 1.167.524,31 euroko zenbatekoarekin. Funts horiek 2019 EiTB maratoia ekimen solidarioan bildu ziren eta Berrikuntza + Ikerketa + Osasuna Eusko Fundazioaren (BIOEF) haurren minbiziaren inguruko ikerketa proiektuetarako erabiliko dira.

Laguntzen deialdi honekin BIOEFek, EiTB maratoiari esker eta hainbat elkarte, erakunde, entitate eta pertsona partikularren elkartasunari eta lankidetza aktiboari esker, haurren minbiziaren azterketan aurrera egin nahi du, gure inguruneko gaixotasunek eragindako haur eta nerabeen heriotza kausa nagusia baita. Urtero, EAEan, 60-70 minbizi kasu diagnostikatzen zaizkie 19 urtetik beherakoei. Haurren minbizia ezin da prebenitu eta oraindik ez dira ezagutzen minbizi horren agerpenaren arrazoiak. Horregatik, haurren minbiziaren arloko ikerketa sustatu behar da eta pronostikoa hobetzen duten eta sendaketa areagotzen laguntzen duten terapia berriak bilatu behar dira. Bizirauten dutenen bizi kalitate onena lortzeko eta uneko tratamenduen ondorio toxikoak saihesteko ahalegina ere alderdi funtsezkoa da haurren minbiziaren ikerketan.

2019an ikerketaren arlo hau sustatu eta finkatzeko bildutako zenbatekoa hiru laguntza modalitate finantzatzeko erabiliko da: osasun ikerketa proiektuak, haurren minbiziaren ikerketari sostengua emateko plataforma bat eta doktoretza ondorengo ikertzaileen kontratuak.

Eusko Jaurlaritzaren eta Osasun Sailaren lehentasunen artean daude ezaguera areagotzen duen ikerketa bultzatzea, ikertzaileen ahaleginari eta talentuari esker aurrerapauso ugari lortu dituen osasun zientzia sustatzea eta, era berean, Euskadiko aberastasun sorreran eta garapen sozioekonomikoan laguntzea. Helburu hauen esparru barruan dago Osasun Sailak eta Eusko Jaurlaritza osoak ikerketaren eta berrikuntzaren alde egindako apustua, gure osasunerako emaitzak hobetu eta Euskadiko garapen ekonomikoa sustatzeko. Apustu hori Osasun arloko Ikerketa eta Berrikuntzarako Estrategia 2020 dokumentuan jasota dago.

top
<Itxi