logo-osakidetza logo-gb

Euskadik TBMED proiektuaren bileran parte hartzen du: berrikuntza irekiko Europako plataforma, gailu medikoen garapena eta ETEen lehiakortasuna bizkortzen dituena

20/01/20


2020ko urtarrilaren 15etik 17ra, TBMED proiektua martxan jarri zenetik urtebete igaro zela, Zaragozan (Medikuntza Fakultatea) bildu zen TBMED partzuergoa, proiektuaren garapenerako bigarren bilera egiteko. TBMEDeko bazkidea den UNIZAReko taldeak antolatu zuen bilera; egitaraua oso interesgarria eta askotarikoa izan zen. Hasteko, Open Session delakoa egin zen, egun-erdiko bilera bat, eta bertan Aragoiko enpresek eta lurraldeko eta Estatuko klusterrek hartu zuten parte. Ekitaldira 45 pertsona etorri ziren, eta enpresa txikiek lehiarako eta berrikuntzarako gaitasunari eusteko zer erronka dituzten eta osasun-produktuak merkaturatzeko zer zailtasunekin topo egiten duten eztabaidatu zuten.

Open Session delakoaren ondoren, proiektuaren garapenerako bilera egin zen, 2 egunekoa. Proiektua martxan jarri zenetik urtebete igaro ondoren, lan handia egin du partzuergoak bere burua prestatzeko eta proiektuan zehar abiarazi nahi den Berrikuntza Irekiko Saiakuntza-bankuaren ezaugarrietara egokitzeko (ingelesez, Open Innovation Test Bed, OITB). Sakon aztertu ziren proiektuko hiru kasuak, etorkizuneko OITBaren zerbitzuak zehazteko eta mugatzeko benetako esperientzia bat bizitzeko aukera ematen baitute. Oro har, proiektua bide onetik doa OITB sortzeko asmo handiko helburu hori erdiesteko.

TBMED proiektuan Frantziako, Irlandako, Espainiako eta Alemaniako 13 bazkide europar daude. CIDETEC-ek koordinatzen du, eta Euskal Osasun Sistema Publikoak hartzen du parte, hauen bidez: Bioaraba, Biocruces Bizkaia eta Biodonostia Osasun Ikerketa Institutuak eta Berrikuntza + Ikerketa + Osasuna Eusko Fundazioa (BIOEF). Proiektuaren barruan, Euskal Osasun Sistema Publikoak Innosasun programaren barruan eta Osasun Teknologien Ebaluazioko Zerbitzuaren bidez (Osteba) garatzen dituen jardueretan duen esperientzia eskaintzen du, eta, batez ere, aholkularitza klinikoa ematen du, osasun-teknologiak ebaluatzen, eta pazienteengan ETEek garatutako gailu medikoen lehen kontzeptu-probak egiten.

 

Proiektuari buruzko informazio gehiago: https://tbmed.eu/

Proiektu honek Europako Batasuneko Horizon 2020 ikerketa eta berrikuntza programaren funtsak jaso ditu, diru-laguntza 814439 hitzarmenaren arabera..

 

top
<Itxi