logo-osakidetza logo-gb

BIND 4.0 programak Euskal Osasun Sistema Publikoa hurbiltzen die ETEei, I+G+b arloan elkarrekin lan egin dezaten

23/05/19


BIOEFek Biocruces Bizkaia OIIan startup-ei zuzendutako jardunaldi bat antolatu du, Euskal Osasun Sistema Publikoaren berrikuntza irekiko eredua eta enpresei eta beste eragile zientifiko-teknologikoei I+G+b arloan lankidetzarako eskaintzen dituen aukerak ezagutzera emateko.

Jardunaldi hau BIND 4.0 programaren barruan sartzen da, Eusko Jaurlaritzak foru aldundiekin, EAEko hiru lurraldeetako BICekin eta lurraldean errotutako enpresa handiekin elkarlanean bultzatua. Startupen azeleraziorako nazioarteko programa publiko-pribatua da, tokiko enpresa “traktoreekin” elkarlanari zuzendua, besteak beste hurrengo 4.0 industria teknologien inguruan: Big Data, errealitate birtuala/areagotua, robotika kolaboratiboa, zibersegurtasuna, Internet of Things, 3D inprimaketa, etab.

BIND 4.0 programa RIS3 Euskadi Espezializazio Adimentsuaren Estrategian adierazitako lehentasuneko hiru eremuekin dago lerrokatuta: Fabrikazio aurreratua, Energia eta etengabe hedatzen doan Biozientziak-Osasuna sektorea. Osasun sistema funtsezko bazkidea da sektore honetan, eta hala islatzen da Osasun Sailaren Osasun arloko Ikerketa eta Berrikuntzarako Estrategia 2020 delakoan, zeinaren helburu nagusia biztanleen osasuna eta Osasun Sistema hobetzen laguntzea eta, gainera, Euskadin balioa eta garapen ekonomikoa sortzen laguntzea den. Apustu hori agerian geratu da Innosasun programan, esaterako, zeinaren helburua osasun sistema erreferentziarako bazkide estrategiko bihurtzea den, gaitasunak eta jakintza garapen ekonomikoaren esku jartzeko eta enpresei euren produktuak eta zerbitzuak garatzen laguntzeko.

BIOEFek, RIS3 Biozientziak-Osasunaren idazkaritza teknikoa, eta hiru Osasun Ikerketa Institutuek, Bioaraba, Biocruces Bizkaia eta Biodonostia, hartu dute parte jardunaldian. Azken hirurok haien ardatz estrategiko eta ikerketa arlo nagusiak, eta zentroek I+G+b arloari laguntzeko dituzten plataformak aurkezteko aukera izan dute.

Bukatzeko, Biocruces Bizkaia OIIaren instalazioetara bisitaldia egiteko aukera egon da. Enpresek zuzenean ezagutu dituzte EOSPren goi mailako azpiegiturak eta gaitasunak. Animaliategia eta Animaliekin Esperimentatzeko Unitatea plataforma, Mikroskopia plataforma eta laborategi nagusiak bisitatu dira, besteak beste. Jardunaldiaren bukaeran I+G+b arloan enpresekin lankidetzarako osasun sistema irekia bistaratu da.

 

Irudia. Ezkerretik eskuinera, Marian Gabilondo (Bind 4.0 programaren koordinatzailea, BIC Gipuzkoa), Iñaki Zorrilla (Bioaraba OIIaren ZKUaren koordinatzailea), Eunate Arana (Biocruces Bizkaia OIIaren koordinatzaile zientifikoa) eta Lorea Mendoza (Innosasun programaren Koordinatzailea, BIOEF).

top
<Itxi