logo-osakidetza logo-gb

Parkinsonaren diagnostiko goiztiarra eta eragileak dira gaixotasun honen inguruko Osakidetzaren ikerketaren oinarria

12/04/19


  • Euskal Osasun Sistema Publikoa 30 ikerketa-proiektu baino gehiago garatzen ari da gaur egun Parkinson gaixotasunari buruz
  •  Ikerketak Osasun Ikerketa Institutuetan garatzen ari dira eta alderdi hauetan oinarritzen dute beren ahalegina: gaixotasunaren diagnostiko goiztiarra, estimulazio kognitiboa, gaixotasunaren sorburu genetikoaren ikerketa eta immunoterapia, besteren artean
  •  20 urte bete dira Gurutzeta Unibertsitate Ospitalean 1. Parkinson kirurgia egin zenetik

Osakidetza 30 ikerketa-proiektu baino gehiago garatzen ari da gaur egun Parkinson gaixotasunari buruz. Proiektu horien ikerketa-lerroen oinarriak hauek dira: diagnostiko goiztiarra hobetzea, biomarkatzaileen, faktore eragileen eta forma hereditarioen identifikazioaren bitartez, eta tratamendu posibleak aztertu eta hobetzea, sintomak kontrolatzen edo beren eboluzioa atzeratzen laguntzeko.

Arlo honetan ikertzeko lortutako kanpoko finantzazioarekin Bioaraba, Biocruces Bizkaia eta Biodonostia Osasun Ikerketa Institutuetan garatzen ari dira batez ere gaixotasun honi buruzko ikerketa-proiektuak.

Biocruces Bizkaia Osasun Ikerketa Institututik, Nerbio Sistemako Gaixotasunen ikerketa-taldea, Juan Carlos Gómez Esteban doktoreak koordinatuta, erreferentziazko baterako azterlanak aurrera eramaten ari da erretinari buruz Parkinson gaixotasunaren markatzaile goiztiar gisa; baita malkoarekin ere, bertan detektatzeko garunean metatzen den proteina, gaixotasuna agertzea eragiten duena (orain ari dira lantzen proiektua Euskal Herriko Unibertsitatearekin). Horretaz aparte, institutuak medikamendu ezberdinekin egiten ari den hamar bat saiakuntza klinikoetan parte hartzen du.

Bestalde, Biocruces Bizkaia Europako bi ikerketa-proiektutan ari da parte hartzen H2020 (‘Horizon 2020’) programaren barruan;  vCare eta GateKeeper, biak pazienteak zenbait gaixotasun neurodegeneratibo eta metabolikoei aurre egiteko etxean egiten duen errehabilitazioarekin erlazionatuta daude.

Bestalde, nabarmentzekoa da 20 urte bete direla lehenengo Parkinson ebakuntza egin zenetik Gurutzeta Unibertsitate Ospitalean, kontuan izanik Estatuko zazpi “Erreferentzia Zentroetako” bat dela Parkinson gaixotasunaren kirurgiarako. Harrezkero, 300 ebakuntza baino gehiago egin dira azken 20 urte hauetan.

Gómez Esteban doktoreak adierazi duenez, “gaur egun aurrerapen teknologiko handiak lortu dira Parkinsonaren tratamenduan, horien artean, garuneko elektrodoak, lehen erastikoak ziren eta orain direkzionalak dira, adibidez, eta duela bi urte aplikatzen hasitako ‘immunoterapia’ teknikak, pazienteetan gaixotasuna aldarazteko: sintomak ez ezik, gaixotasunaren aurrerabidea geldotu edota geldiarazteko ere.”

Bere aldetik, Biodonostia Osasun Ikerketa Institutuak, Gaixotasun Neurodegeneratiboetako Taldearen bitartez, “azken urte hauetan zenbait ikerketa-proiekturi heldu die eta emaitza onak espero dira”, talde horretako koordinatzaile Javier Ruiz Martínez doktorearen hitzetan. Nabarmentzekoa da gizabanako osasuntsuen ‒gaixotasuna urte batzuk geroago garatu dutenak‒ laginetan biomarkatzaile metaboliko plasmatikoak identifikatzeko aukera eman duten ikerketetan izan duen partaidetza.

Biodonostiak, gainera, estimulazio kognitiboak Parkinsona duten pazienteetan duen eraginean oinarritzen ditu bere ikerketak, Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL) erakundearekin batera, helburu honekin: aztertzea prozedurak horrek errendimendu kognitiboa hobetzen duen Parkinsona eta narriadura kognitibo arina duten pazienteetan, eta jakitea horrek korrelazioa duen garunaren aktibazio-patroian hobera egitearekin zeregin kognitiboetan.

Nazioarte mailan Biodonostiaren jarduerari buruz, aipatzekoa da 2012an kide egin zela sorburu genetikoko Parkinson Gaixotasunaren ikerketa partzuergoan, Michael J. Fox (MJFF) Fundazioak subentzionatuan. Sorburu genetikoko Parkinson gaixotasunaren bilakabide ebolutibo naturala ezagutzea da azterlanaren helburua nagusia, markatzaile klinikoak, neuro-irudiarenak edo analitikoak lortu ahal izateko, gaixotasunaren aurrerabidea adieraziko dutenak (hasierako aldia, bilakabide ebolutiboa eta abar), eta alderdi fisiopatologikoetan sakondu ahal izateko, gaixotasun horretara zuzendutako terapia espezifikoak planteatzeko aukera emango duten horietan, alegia.

Gainera, Bioaraba Osasun Ikerketa Institutua gaixotasunaren diagnostikoan eta pronostikoan oinarritutako ikerketak garatzen ari da. Bioarabako taldeak garatutako ikerketaren helburua da likido zefalorrakideoaren laginetan diagnostiko-teknika berri bat ezartzea eta optimizatzea, biomarkatzaile biokimiko baten detekzioan oinarritua, gaixotasun neurodegeneratibo desberdinen artean bereizi ahal izateko.

Neurozientziak Estrategia RIS3-Euskadin identifikatutako lehentasunezko arlo tematiko nagusietako bat dira, Biozientziak-Osasuna eremuan.

 

PARKINSON GAIXOTASUNARI BURUZ

Parkinson gaixotasuna, 1817az geroztik entitate nosologiko gisa ezagun, eragile ezezaguneko nahasmendu progresibo bat da. Bere adierazpide kliniko kardinalak hauek dira: Azinesia (mugimendu zehatz bat hasteko zailtasuna), Geldialdiko Dardara, Zurruntasuna, Nahasmendu posturala eta ibilketarena.

Parkinson gaixotasunak 40 urtetik gorako populazioaren % 0,5-1i erasaten die eta 65etik gorakoen % 2ri. Arraza guztiak eraso ditzake, nahiz eta bere intzidentzia zerbait handiagoa izan arraza zurian eta 2 sexuetan berdintsu.

 

top
<Itxi