logo-osakidetza logo-gb

Donostian egin den Arreta Integratuari buruzko kongresuak milioi bat eurotik gorako ekonomia inpaktua izan zuen

12/04/19


Osakidetzako zuzendari nagusiak Kroaziako Sibenik hiriari eman zion lekukoa; bertan izango da konferentzia datorren urtean

Argazkia: Osakidetzako zuzendari orokorra, BIOEF eta IFICeko taldea

Pasa den asteazkenean, apirilaren 3an, amaitutzat eman zen ICIC 2019 San Sebastián Basque Country Arreta Integratuko Nazioarteko Konferentzia. Honako izenburu hau izan du konferentziak: “Kultura partekatu bat aldaketaren alde: pertsonetan oinarritutako zerbitzu integratuen ereduak ebaluatzen eta ezartzen”. Konferentzia Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostia-San Sebastiángo Udalak sustatu dute, BIOEF, Osakidetza eta Internacional Foundation for Integrated Care-rekin (IFIC) batera, eta asistentzia oso arrakastatsua izan da, Juan Luis Diego Osakidetzako zuzendari nagusiak itxiera-ekitaldian nabarmendu zuen bezala. Guztira, 1.322 pertsona izan dira: osasun-kudeatzaileak eta gizarte-zerbitzuetakoak, profesionalak, pazienteak eta erabiltzaileak, hirugarren sektoreko erakundeak edo ikertzaileak. Markak hautsi dira Konferentzia honetan izena eman dutenen kopuruan; urtero Europako hiri batean egiten da. Bertaratutakoen % 70 Espainiako estatutik eta munduko gainerako zenbait herrialdetatik etorri da. Gainera, milioi bat eurotik gorako inpaktu ekonomikoa izan zuen kongresuak.

Konferentzia honen bidez, toki- eta mundu-mailan arreta integratuaren eremuan izan diren azken aurrerapenak aurkeztu dira eta adituen arteko ezagutza trukatzeko bide eman da. Hitzaldi nagusien artean, honako hauek nabarmendu behar dira: Michael Marmotek gizarte-determinatzaileek morbilitatean eta heriotza-tasan izan dezaketen inpaktua aztertu zuen; Mª Ángeles Durán zaintzaren kargaz eta horren banaketaz (batik bat emakumeak izaten du karga hori) mintzatu zen; Henry Mintzbergek pertsonentzako arreta negoziotzat ez ulertzeko beharra nabarmendu zuen; edo Julio Mayolek pazienteen beharrak hobeto kudeatzen dituzten eta pazienteen emaitzak aurreikusi eta hobetzen dituzten teknologiak diseinatzeko beharra nabarmendu zuen. Oro har, guztiak etorri dira bat pertsona (bere egoera pertsonalak, asmoak, gizarte- eta familia-ingurunea eta abar barne) eta erkidegoa osasun- eta gizarte-arretaren erdigunean jartzeak nolako garrantzia duen.

Gainera, Donostiako topaketa Euskadin garatutako eta bereziki arreta integratuarekin ez ezik aringarrietarako arretarekin, osasunaren sustapenarekin, gizarte-arretarekin eta abarrekin ere lotura duten ekimen, proiektu, antolaketa-aldaketa eta tresnen aniztasunaren eta aberastasunaren erakusleiho izan da. Hori horrela, nabarmentzekoa da Iñaki Berraondo Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuordearen hitzaldia edo Euskadiko arretaren integrazioari buruzko eta ezarpenaren arrakasta nola lortu azaltzeko saioa.

Nazioarteko ordezkaritzen bisitak

Konferentziarekin lotuta, nazioarteko ordezkaritzen zenbait topaketa izan dira, Euskadin asistentzia-integrazioaren errealitatea hurbiletik ezagutzeko. Donostialdeako ESIra eta Bidasoako ESIra eginiko bisitez gainera, konferentziaren azken egunean topaketak egin dira Singapurreko eta Galesko ordezkariekin Gipuzkoako osasun-ordezkaritzan, Donostiako Ospitalean, Debabarrenako ESIan, Arabako ESIan, Gurutzetako Ospitalean edo Kronikgune Ikerketa Institutuan.

Konferentzia Euskadin egin izanak izan duen inpaktu ekonomikoa

Konferentzia garatzeak hirirako eta Euskadirako, oro har, BPGd-ari dagokionez 1.050.000 euro sortzea ekarri du, San Sebastián Turismo & Convention Bureauk jasotako datuen arabera. Zifra horiek ostatuaren, jatetxeen, garraioaren, erosketen eta abarren inguruan bertaratu direnek eragindako gastuaren eta Konferentziaren zerbitzuekin eta logistikarekin berarekin lotutakoen ondoriozko itzulkina islatzen dute.

Zer da arreta integratua?

Arreta integratua lehen mailako arreta eta ospitale-arreta fusionatzen dituen sistema da, eta gizarte-zerbitzuen eremuarekin koordinatzen da, pertsonei arreta etengabea eta koherentea emateko.

Euskadiko egungo osasun-mapak 14 Erakunde Sanitario Integratu (ESI) ditu eta, horietan, arreta pertsonaren inguruan antolatzen da, asistentzia-jardueraren zentroa baita. Eusko Jaurlaritzak sistema horren aldeko apustua egin zuen 2011n, biztanleriaren zahartzeak eragindako egoerari eta, ondorioz, horrek dakarren osasun-zaintzen beharrizan handiagoari erantzuteko.

 

top
<Itxi