logo-osakidetza logo-gb

BIOEFek, Euskal Osasun Sisteman garatutako I+G+b emaitzak kudeatu eta transferitzeaz arduratzen denak, akordio bat lortu du arnas infekzioen eragile nagusienetako baten barianteak detektatu eta identifikatzeko kit baten ustiapen-lizentziarako

01/04/19


  • Biodonostia Institutuko Arnas Infekzioa eta Mikrobio kontrako Erresistentzia ikerketa-taldeak garatu du kit hori

Osakidetzako Donostialdea ESI-Biodonostia Osasun Ikerketa Institutuko (OII) – ITEMAS plataforma barruan dagoena– Arnas Infekzioa eta Mikrobio kontrako Erresistentzia taldeko ikertzaile batzuek, test bat garatu dute bakterio-kultiboetatik ateratako DNA laginetan Streptococcus pneumoniae 76 serotipo desberdin identifikatzeko. Streptococcus pneumoniaek gaixotze-tasa eta heriotza-tasa handiak eragiten ditu, mota askotako koadro klinikoen (infekzio onberak, esaterako, erdiko otitisa eta sinusitis akutua, edo infekzio larriak, hala nola, bakteriemia, meningitisa eta pneumonia) eragile nagusienetako bat baita.

Aurrerapen garrantzitsua da hori, Streptococcus pneumoniaek eragindako infekzioak arazo larria direlako Osasun Publikoarentzat, herrialde industrializatuetan nahiz garapen txikiagokoetan.

Biodonostia OIIko Ikerketari Laguntza emateko unitateari esker lortu da kitaren lizentzia. Ikerketa-taldean proiektua koordintzeaz, ESI Donostialdea ESIko Mikrobiologia Zerbitzuko balidazioez eta BIOEFeko (Berrikuntza+Ikerketa+Osasuna Eusko Fundazioa) Ikerketaren Emaitzak Transferitzeko Bulegoa (OTRI) (Euskadiko berrikuntza-prozesuaren lagungarri den egitura eta ITEMASeko nodo garrantzitsua) kudeatzeaz arduratu den ITEMAS Plataformaren nodo nabarmena da unitate hura.

PneumoStrip testari esker, bakterio-kultiboetatik ateratako DNA laginetan Streptococcus pneumoniae 76 serotipo desberdin detekta eta identifika daitezke. Orain arte, 95 pneumokoko tipo (serotipo) desberdin baino gehiago deskribatu dira, eta horiek kanpoko kapsularen konposizioagatik bereizten dira. Gaur egun, serotipo horien kopuru txiki baten (13 edo 23) kontra gaixotasuna prebenitzeko txertoak daude, Biodonostia OIIko Arnas Infekzioa eta Mikrobio kontrako Erresistentzia taldeko arduradun eta kitaren lau sortzaileetako bat den Txema Marimónen datuen arabera. 

Infekzioa eragiten duten serotipo zirkulatzaileak ezagutzeari esker, gaur egun dauden txertoek eman dezaketen babesa ezagutu ahal izango da eta etorkizuneko txertoak diseinatzen lagundu. Haatik, erreferentzia-teknika (Quellung) nekeza da, langile trebatuak eta antiserum-lote handiak behar ditu, eta ezin da lortutako emaitzen erregistrorik gorde. Hori dela eta, produktu hori garatu izana hobekuntza handia izan da serotipoak zehazteko eta, hortaz, gaixotasun pneumokozikoaren epidemiologia ikertzeko.

Hauek dira Operon enpresari eman zaion lizentziadun kitaren hiru abantaila nagusiak:

  • – Erraz egiten da eta emaitzak erraz interpretatzen dira
  • – Emaitzen objektibotasuna eta trazabilitatea
  • – Edozein Mikrobiologia laborategirentzat egokia

 

top
<Itxi