logo-osakidetza logo-gb

DONOSTIAN MILATIK GORA ADITU BILDUKO DIRA ARRETA SANITARIO INTEGRATUARI BURUZKO NAZIOARTEKO KONGRESU BATEAN

22/03/19


Arreta Sanitario Integratuari buruzko urteko Nazioarteko Biltzarra, apirilaren 1etik 3ra

 

ICIC19

  • ICIC19 San Sebastian-Basque Country biltzarra arreta integratuaren inguruko osasun-arloko nazioarteko elkarraldi bat da, eta Osasun Sailaren ardatz estrategiko nagusietako bat.

 

  • Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostiako Udalak bultzatua, International Foundation for Integrated Care (IFIC) erakundearekin batera.

 

  • Europako zenbait herrialdetako eta munduko beste leku batzuetako nazioarteko ordezkariak bilduko dira bertan, Estatu Batuetakoak, Kanadakoak eta Singapurrekoak, besteak beste.

 

  • Arreta integratuaren sisteman batu egiten dira lehen mailako arreta eta ospitalekoa, eta gizarte-zerbitzuen arloarekin koordinatzen da pertsonei arreta etengabea eta koherentea ematearren.

Donostiak hartuko du apirilaren 1etik 3ra ICIC19 San Sebastian-Basque Country Arreta Integratuari buruzko Nazioarteko Biltzarra. Nazioarteko elkarraldi honetan milatik gora aditu bilduko dira, lehen mailakoak arreta integratuaren arloan: lehen mailako arreta eta ospitalekoa batzen dituen sistema, bere ekintzaren erdigunean pertsona kokatzen duena. Arreta integratua Osasun Sailaren ardatz estrategiko nagusietako bat da integrazio asistentzialari eta koordinazio soziosanitarioari dagokienez.

Kultura partekatu bat aldaketaren alde: pertsonetan oinarritutako zerbitzu integratuen ereduak ebaluatzen eta ezartzen da kongresuaren izenburua eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostiako Udalak bultzatu dute, International Foundation for Integrated Care (IFIC) erakundearekin batera.

Zientziaren arloko ekitaldi hau garrantzizko eszenarioa izango da euskal instituzioek nazioarteko eragileekin partekatzeko azken urteetan Euskadin garatutako koordinazio asistentzialaren eredua.

 

Arreta integratuaren aldeko apustua

Gizartea aldatu egin da eta horren erakusgarri dugu euskal gizartearen % 25ek 65 urte baino gehiago dituztela. Instituzioek erronka berriei erantzun behar diete orain: zahartzea, kronikotasuna edo mendekotasuna. Egoera horren aurrean, 2011n Eusko Jaurlaritzak arreta sanitario integratuaren eredu baten alde egin zuen apustu, hau da, lehen mailako arretaren eta ospitalekoaren artean zegoen arraila ezabatu eta biak batzearen alde, gizarte-zerbitzuekiko koordinazioa ahaztu gabe. Oraingo mapa sanitarioak Euskadin 13 Erakunde Sanitario Integratu (ESI) ditu eta horietan pertsonaren inguruan egituratzen da arreta, jardun asistentzialaren erdigunean, alegia. Eredu horren helburua da zaintza sanitarioak ez hain zatikatuak izatea; koherentzia, jarraitasun, eraginkortasun eta, azken finean, kalitate handiagokoak izatea.

ICIC19 San Sebastian-Basque Country baterako hausnarketa-foro bat izango da, herrialde guztiek etorkizunean aurre egin beharko dieten desafioei buruz, besteak beste, eremu hauetan: pertsonetan oinarritutako arreta-ereduak, kultura partekatuen sorkuntza eta etxeko arreta soziosanitario integratuagoa.

 

ICIC19 kongresuaren edukia

Kongresu hau urtero egiten da Europako hiri batean eta aurreko edizioetan Bruselan, Edinburgon, Bartzelonan eta Dublinen egin da. Arreta integratuari buruzko ezagutza garatzea eta trukatzea da elkarraldiaren helburua eta, bertan, profil desberdinetako adituek parte hartuko dute, haien artean, kudeatzaile sanitarioek eta gizarte-zerbitzuetakoek, profesionalek, pazienteek eta erabiltzaileek, hirugarren sektoreko entitateek, ikertzaileek eta, azken batean, gaian interesa duten pertsonek eta erakundeek.

Biltzarra ingelesez garatuko da gehienbat (itzulpen-zerbitzua egongo da) eta osoko bilkurek, lan-tailerrek eta beste saio paralelo batzuek osatuko dute. Hizlarien artean lehen mailako nazioarteko adituak egongo dira, besteren artean: Henry Mintzberg, irakaslea eta erakunde-teoriari buruzko hainbat libururen egile (AEB); Michael Marmot, Osasunaren eta Gizartearen aldeko Nazioarteko Zentroko zuzendaria (Erresuma Batua); Stephen Shortell, Osasun Publikoko Eskolako irakaslea, Berkeley-ko Unibertsitatea (AEB); Mª Ángeles Durán, Soziologiako irakaslea, Espainiako Ikerketa Zientifikoetako Kontseilu Gorena (CSIC), eta Julio Mayol, Kirurgiako irakaslea Madrilgo Complutense Unibertsitatean eta Berrikuntza Unitateko zuzendaria San Carlos Ikerketa Institutuan.

Biltzarkideen jatorria

ICIC19 San Sebastian-Basque Country kongresuak nazioarteko lehen mailako 1.100 profesional baino gehiago bilduko ditu, arreta integratuan adituak. Jatorriaren arabera, inskripzio gehienak Europatik (% 42) eta Estatu Batuetatik (% 37) iritsi dira. Zehazki, Espainiako estatutik etorritakoen % 75ek EAEn dute jatorria, eta estatuko gainerako lekuetatik Catalunya nabarmentzen da (% 12,5)

Europako gainerako herrialdeetako inskripzioen artean Herbehereak eta Erresuma Batua nabarmentzen dira; Europan jatorria duten guztizkoaren % 18 baino gehiago dira bakoitza. Ondoren, Belgika, Europako inskripzio guztien ia % 12rekin, eta Danimarka, Europako inskripzio guztien % 10ekin. Munduko gainerako lekuetatik, hauek bertaratuko dira: Australiatik 56, Kanadatik 49, Singapurretik 32, eta Estatu Batuetatik 27, beste herrialde batzuen artean.

Bisitak baliabide asistentzialetara

Programa zientifikoaren barruan, aurreikusita dago ordezkariek Donostialdea ESIko eta Bidasoa ESIko instalazioak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko baliabideak bisitatzea. Nazioartean interes handia pizten duten bisita horiekin, parte-hartzaileek zuzenean ezagutuko dituzte Euskadin dagoen integrazio asistentziala eta koordinazio soziosanitarioa, lehen mailako arretaren eta ospitalekoaren arteko ohiko arraila gainditzen dutena.

 

top
<Itxi