logo-osakidetza logo-gb

Martxan da TBMED, gailu medikoen garapena bizkortuko duen berrikuntza irekiko plataforma bat sortzeko proiektu europarra

25/02/19


13 bazkide europarrek osatzen dute, eta konponbide berritzaileak gaixoarengana bizkorrago helaraztea du helburu

Otsailaren 20an, asteazkena, Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko Osasun Ikerketa eta Berrikuntzako zuzendariak eta Europako Batzordeko, Cidetec-eko eta Basque Health Cluster-eko ordezkariek gailu medikoak garatzeko berrikuntza irekiko hiru proiektu europarren aurkezpen-saioan hartu zuten parte. Euskal erakunde ugari ere izan ziren bertan.

TBMED proiektuan Frantziako, Irlandako, Espainiako eta Alemaniako 13 bazkide europar daude. Proiektua CIDETEC-ek koordinatzen du, eta hauek dira bazkideetako batzuk: Bioaraba, Biocruces Bizkaia eta Biodonostia Osasun Ikerketa Institutuak, Osteba eta BIOEF Berrikuntza + Ikerketa + Osasuna Eusko Fundazioa.

Proiektuak 8,5 milioi euroko finantzaketa jasotzen du Europar Batasunaren Horizon 2020 esparru-programaren bidez, eta 50 hilabete iraungo du. Denboraldi horretan, plataforma bat antolatuko da, biozientzien eta osasunaren arloko enpresa europarrei arrisku handiko gailu medikoak merkaturatzeko denbora murrizten laguntzeko.

Europako Batzordeak jarri du martxan proiektua, osasun-produktuen sektorerako Open Innovation Test Beds izenekoen esparruan, eta leihatila bakarreko plataformak sortu nahi ditu enpresa berritzaileentzat; horrela, balio-kate osoari erantzungo diote (kontzeptu-probatik hasi eta laborategi-eskalara iritsi arte), eta CE marka lortu aurreko faseetara ere iritsiko dira, saiakuntza klinikoak barne.

Proiektuak EBko osasun-sisteman premiazkoenak diren arazoetako biri heldu nahi die: gaixoari diagnostiko ezberdin ugari egiten zaizkiola; eta gero eta kostu handiagoak sortzen direla, eta, ondorioz, berrikuntzak sortu eta barneratu behar direla osasun-arretan. Hala ere, arrisku handiko gisa sailkatutako gailu medikoei buruzko EBko araudi berriek erronka handiak dakartzate, bereziki Europako ekoizpen-enpresa txikienentzat; alegia, TBMED proiektuaren xede-talde nagusiarentzat.

ETEek produktu berritzaileak gara ditzaten arreta hobea eta merkeagoa eskaintzeko eta hornitzaile handien lehiari aurre egiteko, partzuergoak berrikuntza irekiko saiakuntza-banku bat (OITB) garatu nahi du, aurrerantzean arrisku handiko IIb sailkapeneko gailu konplexuenak azter ditzan.

TBMED proiektuaz gain, Horizon 2020 programako beste bi proiektu ere aurkeztu ziren: MDOT (koordinatzailea: Fraunhofer Gesellschaft, Alemania) eta SAFE-N-MEDTECH (koordinatzailea: Biopraxis euskal enpresa). Bi proiektu horiek ere antzeko ikuspegia dute saiakuntza-bankuen garapenari dagokionez.

top
<Itxi