logo-osakidetza logo-gb

BIODONOSTIA IMMUNOTERAPIAREN AZTERKETA AITZINDARI BATEAN PARTE HARTZEN ARI DA UMETOKI-LEPOKO MINBIZIAREKIKO BIZIRAUPENA HOBETZEKO

04/02/19


Hasierako faseetan terapiak datu positiboak izan ditu gaixo jakin batzuetan, eta, horri esker, III. faseko saiakuntza kliniko bat egiten hasi dira (hau da, biztanle guztiengana zabaltzea onartu aurretik egin beharreko azken fasea).

Biodonostia Estatuan aitzindari den saiakuntza kliniko batean parte hartzen ari da, erreferentziako beste 18 zentrorekin batera. Saiakuntza horrek umetoki-lepoko kartzinoma metastasikoa edo errepikatua duten gaixoen biziraupena nola hobetu aztertzen du immunoterapian oinarritutako tratamendu baten bidez. Hasierako faseetan terapiak datu positiboak izan ditu gaixo jakin batzuetan, eta, horri esker, III. faseko saiakuntza kliniko bat egiten hasi dira.

Etapa honetan, tratamendu berria eraginkorra eta segurua den zehaztu nahi du azterketak, gaur egun erreferentzia den tratamendua erabilita, eta biztanle guztiengana zabaltzea onartu aurretik nahitaez egin beharreko azken urratsa da. Biodonostia azterketaren erreferentziako zentro aukeratu dute beste zenbait zentro garrantzitsurekin batera; esaterako, Kataluniako Onkologia Institutua, Clinic ospitalea, Bartzelonako Vall d’Hebron ospitalea eta Zaragozako Miguel Servet ospitalea.

Saiakuntza egiteko, atezolizumab erabiltzen ari dira. Antigorputz monoklonal humanizatu bat da, eta umetoki-lepoko kartzinoma duten gaixoen ohiko tratamenduari gehitzen zaio. Molekula horrek dagoeneko emaitza positibo eztabaidaezinak eskaini ditu beste mota batzuetako tumoreei dagokienez; onartuta dago, eta biriketako eta maskuriko minbizi aurreratuetan edo metastasikoetan erabiltzen da.

Hain zuzen ere, azterketaren III. fasean bi talde konparatzen dira. Bati ohiko tratamendua ematen zaio, eta besteari, berriz, molekula hori gehituta duen tratamendua; gero, emaitzak aztertzen dira. Amaitutakoan, datu guztiak prozesatuko dira, eta emaitzak aztertuko, beste saiakuntza batzuetan (I. eta II. faseak) lortutako datu onak patologia honen inguruko azterketaren azken fasean ere lortzen diren ikusteko.

Biodonostiako Ikerketa Klinikoko Plataformaren arduradun Ioana Riaño medikuaren hitzetan, «umetoki-lepoko kartzinoma hori duten gaixoek jakin behar dute ari garela ikertzen eta aurrerapauso garrantzitsuak egiten ari garela immunoterapiaren arloan. Terapia biologikoa kimioterapiarekin batera ematean, biziraupenak gora egin du, eta aurretiazko datu horiek aurrerapen positibo bat dira gaixoentzat. Saiakuntza klinikoaren aurreko faseak itxaropentsuak izan dira. Hala ere, zuhurrak izan behar dugu, amaierako analisia egin arte ez baita egongo onura erakusten duen datu eztabaidaezinik.»

«Aurreko datu horiek bere horretan jarraitzen dutela egiaztatu behar dugu. Gaixo horiei biziraupen handiagoa eman nahi diegu, eta gaur egun terapia estandarrarekin dutena baino progresiorik gabeko aldi luzeagoa. Osakidetzarentzat oso garrantzitsua da ikertzaileak izatea gaixoei tratamendu eta aukera terapeutiko hobeak eskaini ahal izateko».

IMMUNOTERAPIARI BURUZ

Saiakuntza honen Osakidetzako ikertzaile nagusi eta Donostia Unibertsitate Ospitaleko onkologo Nerea Ancizar medikuak dioenez, «azkenaldian, immunoterapia goitik behera ari da aldatzen minbiziaren inguruko ikerketa-arloa, gorputzaren defentsa naturalak aktibatzen baititu minbizi-zelulei aurre egiteko. «Arlo itxaropentsua eta etorkizun handikoa da minbiziaren aurkako ikerketan, baina oraindik bide luzea dago, eta askoz ere gehiago garatu behar da hainbat tumoreri aurre egiteko; besteak beste, umetoki-lepoko minbiziari. Ea saiakuntza hau eta beste batzuk etorkizunean lagungarriak zaizkigun tratamenduaren benetako onura jasoko duten gaixoak identifikatzeko, immunoterapiak ez baitu kasu guztietan funtzionatzen

Bestalde, adituak nabarmendu du oso garrantzitsua dela prebentzioa; horretarako, komeni da emakumeak papilomabirusaren aurkako txertoa hartzea (kasu askotan, hark eragiten baitu umetoki-lepoko minbizia), eta, horretaz gain, Osakidetzak duen Baheketarako Programan parte hartzea, umetoki-lepoko minbiziaren eragina txikitzeko.

UMETOKI-LEPOKO MINBIZIA

Umetoki-lepoa edo zerbixa umetokian beheren dagoen zatia da eta baginaren gainean dago hain justu. Bertako zelulak anormalak bihurtu eta kontrolik gabe hazten hasten direnean agertzen da umetoki-lepoko minbizia.

Bigarren neoplasia kaltegarri arruntena da mundu osoko emakumeen artean.

 

 

top
<Itxi