logo-osakidetza logo-gb

BioCruces Bizkaia Osasun Ikerketako Institutuak ikerketako eta berrikuntzako lehen jardunaldia egin du

26/09/18


GALDAKAO-USANSOLO OSPITALEAN, HORREN IKERKETA UNITATEAREN 25. URTEURRENA OSPATZEN

1993an, Osasun Sistema Nazionalak ikerkuntzarako baliabideak antolatzeko estrategia behin zehaztuta, Osakidetzako beste zerbitzu erakundeetan gertatu denaren antzera, Galdakao-Usansolo Ospitaleko Ikerkuntza Unitatea eratu zen (Barrualde-Galdakao ESIko erreferentziazko ospitale-zentroa). Unitate horren berezko ikerkuntza-lerroez gain ikerkuntza osasun-zerbitzuetan; garapena; praktika klinikoaren arauak garatzea, balidatzea eta inplementatzea; pazienteek antzemandako emaitzak ebaluatzea; datu administratiboak eta eredu estatistiko berriak aztertzea, honako xedea dauka: erakundeko ikerkuntza-taldeei laguntza integrala ematea. Laguntza zientifikoa, etikoa, metodologikoa eta logistikoa; zertarako? pazienteen arretarako eta osasun-zerbitzuen hobekuntzarako maila zientifiko altuko informazioa eta ezagutza lortzeko.

Horregatik bada, Unitate honen ibilbidea erakundean bertan egiten den ikerkuntzari lotuta dago, gainera, bertako zientzia-jarduera haziz doa, ikerkuntza-mailak gora egiten duen neurrian. Nabermendu beharrekoak dira deialdi lehiakorretan lortutako ikerkuntza-proiektuak, baita prdukzio zientifikoa ere.

Deialdi lehiakorren arloan, azkeneko 9 urteotan, Barrualde-Galdakao ESIko ikertzaileei 72 proiektu eman dizkiete, horrek 5 milioi euro inguruko finantziazioa ekarri du. Horrez gain, azken 3 urteotan, 74 azterlan berriri ekin zaie, hau da, Euskal Osasun Sistemako azterlanen %10 inguru.

Urteotako produkzio zientifikoari dagokionez, berriz, lortutako bolumenaren erakusle argia dira azken 3 urteetan argitaratu diren 353 artikulu berriak, horietatik %40 lehenengo kuartileko (argitalpenen eragina neurtzen duen faktorea) aldizkarietan. Azken hirurtekoko jarduerek gorako joera adierazten dute, proiektu lehiakor aktiboen kopurua, baita deialdiotara aurkeztutako eskabideena ere, hazi egin delako; 2015ekoarekin alderatuz, 2017an bikoiztu egin delarik kopurua. Era berean, produkzio zientifikoa eta kalitatezkoa ere areagotu egin da, eragin zabaleko aldizkarietan (Q1 aldizkariak) artikulu gehiago argitaratu dira; eragin gutxiagokoen (Q4 aldizkariak, horietara erantsi ere ez dira egin) kaltetan, jakina.

Sistema sanitarioa garatu den heinean garatu da baita ere Unitate hau; hori dela-eta, gaur egun, Galdakao-Usansolo Ospitaleko Ikerkuntza Unitatea Bizkaiko Biocruces Osasun Ikerketa Institutuaren baitakoa da.

Unitate horren ibilbidea ezezik, euren jardunaren zati bat ikerkuntzari eskaintzen dioten Barrualde-Galdakao ESIko profesional guztiena ere, ospatzeko, gaur, irailaren 21ean, Bizkaiko Biocruces Osasun Ikerketa Institutuak Galdakao-Usansolo Ospitaleko areto nagusian ikerkuntza eta berrikuntza jardunaldia egin du. Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko Osasun Ikerketa eta Berrikuntzako zuzendari María Aguirre izan da inauguratu duena.

Zuzendariak zera baieztatu du: “pozgarria da oso ospatzea, duela bi hamarkada baino gehiago, Ikerkuntza Unitate gisa landatutako haziak zein uzta oparoa ematen ari den osasun sistemaren ikerkuntzaren eta berrikuntzaren alorrean, gero eta sendoagoa baita, eta, ziur gaude, gizarte osoarentzat onuragarri diren fruituak emango dituena.”

Jardunaldian ikerkuntzaren aurrerapenez, eta emaitzak praktika klinikora eta osasun zerbitzuen kudeaketara trasladatzeaz jardun dira. Bestalde, Barrualde-Galdakao ESIak, 25 urte hauetan, ikerkuntzan egindako bideari ere errreparatu dio.

Era berean, minbiziari lotuta, ikerkuntza-praktiken inguruko esperientziak aurkeztu dira. Hala, lehenengo mahai-inguruan, gai hau jorratu da: berrikuntza minbiziaren oinarrizko ikerkuntzan eta ikerkuntza klinikoan. Aditu diren hizlari hauek aritu dira: María del mar Vivanco (Breast Cancer Stem Cells Lab CIC bioGUNE-ko ikertzaile nagusia), Héctor García Plamer (Vall d’Hebron Ospitaleko Onkologia Institutuan, Stem Cells and Cancer Group-eko (VHIO) arduraduna), eta Itziar Astigarraga (Ezkerralde-Enkarterri-Cruces ESIko Pediatriako burua).

“Ikerkuntza praktika klinikoan eta kudeaketa sanitarioan” bigarren mahai-inguruan, berriz, hauexek parte hartu dute: Barrualde-Galdakao ESIko Pedro Pablo España doktoreak (Medikuntzan doktorea, eta Pneomologia Zerbitzuko burua), Marian Gomez doktoreak (Neurologia Zerbitzuko burua), eta Angel Padierna doktoreak (Psikiatria Zerbitzuko fakultatiboa); Bilbao-Basurtu ESItik, ostera, hizlari izan dira: Mª Luz García Vivar doktorea (Erreumatologia Zerbitzuko burua), eta, azkenik, Xavier Castells doktorea (Del Mar Ospitaleko Epidemiologia eta Ebaluazioa Saileko burua, eta Kataluniako Minbiziaren Baheketarako Batzordeko presidentea). Bertan, azpimarratuko da proiektu horietako asko prozesu asistentzialak hobetzeko, baita horiek kudeatzeko ere, balekoak izan direla, eta azaldu da horietako bakoitzak zertan datzan

Amaitzeko, hirugarren mahai-inguruan, “Ikerkuntzaren eta Berrikuntzaren bilakaera ESIetan: Ikerkuntza Unitate izatetik Osasun Ikerketa Institutu izatera” izenburupekoan, izan dira: Susana Belaustegui (BIOEF (Berrikuntza, Ikerketa eta Osasuna Eusko Fundazioa) I+G+b-ren zuzendari kudeatzailea) eta Susana García-Gutiérrez doktorea (Ikerkuntza Unitateko fakultatiboa. Barrualde-Galdakao ESI).

Bizkaiko Biocruces Institutuak antolatu duen lehenengo jardunaldia da honako hau, eraikin berria inauguratu denetik, aurtengo ekainean, eta hauxe du xede: Euskal Herriko osasun erakundeek berrikuntzan eta ikerkuntzan egindako bidea aintzatestea.

Berrikuntzak eta ikerkuntzak berebiziko garrantzia bereganatu dute, azken urteotan. Horren adierazgarri da Osakidetzak lerro estrategiko gisa definitu izana. Horrekin lortu nahi da, batetik “Osasunean Ikerkuntza eta Berrikuntza Estrategia 2020 hedatzea erabat”, eta, bestetik, “biozientziak-osasuna arloan lehentasunezkoa dena ikerkuntza sustatzea”. Horrekin beteko litzateke Osasun Sailak bereziki, eta Eusko Jaurlaritzak, oro har, ikerkuntzarekiko eta berrikuntzarekiko egindako apostua. Osasunean Ikerkuntza eta Berrikuntza Estrategia 2020-ren xedea hauxe da: “Euskal Herrian, biozientziak-osasuna arloaren garapena sendotzen laguntzea; I+G+b jarduerak osasun sisteman txertatuz, eta enpresekin eta beste agente batzuekin batera jarduteko bidea erraztuz, osasun-emaitzak hobetzeko eta balioa sortzeko”. Apostu hori jasota dago baita ere Barrualde-Galdakao ESIko Plan Estrategikoan: ikerkuntzaren eta berrikuntzaren bitartez ezagutza sortu nahi da, gure biztanleriaren osasunari onura eragingo diona.

Informazio Iturri: OSI EZKERRALDEA ENKARTERRI CRUCES

top
<Itxi