logo-osakidetza logo-gb

OSAKIDETZAK ODOL, EHUN ETA GIZA JATORRIKO BESTE SUBSTANTZIEN EMAILEEN ETA HARTZAILEEN SEGURTASUNA HOBETZEKO EUROPAR PROIEKTUAN HARTUKO DU PARTE

14/06/18


Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroa (TGEEZ)-Osakidetza eta BIOEF-ek, Europako 15 herrialdetako transfusioko hainbat erakundek, ospitalek, ikerketa-zentrok eta unibertsitatek, giza jatorriko substantzien emaileek eta hartzaileek dituzten arriskuen ebaluazioa are gehiago hobetzeko europar proiektu batean ari dira parte hartzen. Substantzia horiei “SoHO” esaten zaie eta hauek barne hartzen ditu: odola, ehunak,  zelula amak, plasmaren eratorriak diren sendagaiak, laguntza bidezko ugalketarako zelula germinalak, eta organoak, besteak beste.

 

Europar Batasuneko bost milioi gaixok baino gehiagok jasotzen dituzte urtean giza jatorriko substantzien erabileran oinarritutako transfusio, inplante eta terapiak. Tratamendu horiek, hein handi batean, 13 milioi emaile baino gehiagotik eskuratutako SoHOen eskuragarritasunaren menpe daude.

 

Proiektuaren izena “TRANSPOSE” da, eta hari esker, emaileen hautaketan eta hartzaileen babesean arriskua gutxiagotzean oinarritutako jokabide komunak zehaztuko dituen gida eguneratua garatuko da. Emaileen osasunaren ohiko galdekizun bat ere egingo da, tokiko edo eskualdeko gida batekin batera. Hura asko zabalduko da eta Europa osoan zenbait arriskuren prebalentziaren inguruan Estatu kide guztien arteko konparaketak egiteko baliagarria izango da. Honi esker, hortaz, osasun arretaren arloan sartzen diren profesionalek giza jatorriko halako produktuen erabilera klinikorako tresna praktiko bat izango dute euren eguneroko lanean.

 

2017ko irailean abiatu zen TRANSPOSE proiektua, eta Europar Batasunak Chafea-3rd Health Programme programaren bitartez finantzatutako 0,9 milioi euroko aurrekontua du. TRANSPOSE fase aurreratuan aurkitzen da dagoeneko eta 2020. urtean bukatzeko dago aurreikusita.

 

Testuinguru horretan, TGEEZ-ren zuzendariak, Miguel Ángel Vesga doktoreak, Fernando Urbano doktoreak eta Cristina Eguizabal doktore ikertzaileak, proiektuaren parte-hartzaileak, nabarmendu dute “ikertzaileen taldearen esfortzuak, konfiantzak eta animoak etorkizun handiko emaitzak ematen ari” direla, “SoHOak ematea babestea are gehiago hobetze aldera”.

 

 

“TRASNPOSE”-k egungo praktika eta ezagutza zientifikoak aztertuko ditu eta, gainera, gaiarekin lotutako europar zuzentarauak berrikusteko prozesua ere erraztu ahal izango du. Gida hori printzipioen optimizazioan eta emaileen eta hartzaileen hautaketa eta babeserako jarraibideetan oinarrituko da. Gidalerroak modu berean eta argian inplementatzen lagunduko die Europar Batasunaren Estatu kide guztiei”, adierazi dute.

 

Giza jatorriko substantziak lortzeko prozedurak , emailearen hautaketa eta produktu horien prestaketa, kontserbazioa eta banaketa barne, Europar Batasunaren hainbat zuzentarauen bitartez daude araututa. Halaber, Sendagaien Kalitateko eta Osasunaren Zaintzako Europar Zuzendaritzak (EDQM) gomendioak (Gidak) argitaratzen ditu giza jatorriko substantzien prestaketarekin, erabilerarekin eta bermearekin lotuta, haiek kontrolatu eta estandarizatzeko helburuarekin.

 

Euskal Osasun Sistemak eskarmentu handia du ekintza-arlo horretan. Egun, arlo horretako 28 ikerketa proiektutan hartzen du parte, guztira, zeinak Biocruces Bizkaia, Biodonostia eta Bioaraba Osasun Ikerketa Institututan, eta Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroan garatuko diren.

top
<Itxi