logo-osakidetza logo-gb

Euskadiko ordezkaritza batek Amsterdam eta Almere bisitatu ditu TITTAN proiektu europarraren esparruan

08/05/18


Apirilaren 24an eta 25ean BIOEF-ek EHUren, Matia Fundazioaren eta Bidasoatik Mundura programaren ordezkariekin In-Situ Visit bat burutu zuten Amsterdam eta Almere hirietan.

Holandara egindako bisita Interreg Europe-ren TITTAN (Translation, Innovation & Technology Transfer in Ageing Network) proiektuan kokatu da, zeinetan BIOEF-ek kide gisa parte hartzen duen Euskadi ordezkatzen. Bigarren urteurrena orain dela gutxi ospatu duen proiektu horrek konponbide berritzaileen bidez, zahartze aktibo eta osasuntsua sustatzeko osasun-sistemen kalitatea hobetzea du xede. Partzuergoaren partaide diren zazpi bazkideek eta horien agente interesdunek, nazioarteko hainbat tailerretan eta In-Situ Visit-etan parte hartu dute, eskualde mailako Jardunbide Egokiak eta gomendioak partekatzeko.

Euskadiko ordezkariek Herritarren Aktibazioa deritzon proiektuaren hirugarren alorrean aurkeztu diren Jardunbide Egokia batzuk sakon ezagutu dituzte. Alor horren barruan, herritarrek teknologia berrien erabilerak bizi-kalitatea hobetzeko duen gaitasunaren gainean duten kontzientzia eta ezagutza areagotzeko jardunbideak aurkeztu dira. Bazkide holandarrak, bere agente interesdunen bitartez, Senior Live Fundazioa (“Senior Live Foundation”), Amsterdam, hiri lagunkoia (“Age Friendly City”) ekimena eta Amsterdam, pisu osasungarri baten alde (“Amsterdam Healthy Weight”) programa aurkeztu zituen.

Bisitaldiaren lehenengo egunean, Amsterdamgo Udalak “Amsterdam, hiri lagunkoia” proiektuaren eskutik burutzen ari den lana aurkeztu zuen. Adindunentzat inguru atseginak, irisgarriak eta pertsonen behar eta gaitasunetara egokituak, sortzea du helburu proiektuak. Euskadin, Euskadi Lagunkoia izeneko Jardunbide Egokia abiarazi da, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak sustatuta eta Matia Fundazioak kudeatuta. Gaur egun, 54 udal lagunkoi atxiki zaizkio proiektu horri.

Bigarren egunean, Amsterdamgo Udalak sustatutako “Amsterdam, pisu osasungarriaren alde” izeneko programa aurkeztu zen: horretan, haurtzaroan eta nerabezaroan bizi-ohitura osasungarriak sustatzeko asmoz osasun- eta hezkuntza-erakunde batzuek esku hartzen dute. “Bidasoatik Mundura” programaren Irungo Eguzkitza eta Hirubide ikastetxeetako koordinatzaileek eta Irungo Berritzeguneko aholkulari batek sakon ezagutu zuten programa hori.

Azkenik, adinduengan jarduera fisikoa egiteko ohitura txertatzeko ikerketa-proiektu bat egiten ari diren EHUko ordezkariek, “Senior Live” ekimena ezagutzeko aukera izan zuten. Programa horrek, besteak beste, egungo teknologien bidez adinduen artean jarduera fisikoa sustatzea du helburu, eta, hortaz, teknologien gaineko prestakuntza ematen zaie.

TITTANen aurreikusitako hurrengo jarduerak zein diren jakin nahi baldin baduzu, sar zaitez bere web orrian: http://www.interregeurope.eu/tittan/

TITTAN proiektuaren LinkedIn kontua

 

 

TITTAN proiektuaren % 85 Eskualde Garapeneko Europako Funtsak (EGEF) finantzatu du, Interreg Europe Programaren bitartez.

top
<Itxi