logo-osakidetza logo-gb

Euskal osasun sistema publikoak minbizia ikertzeko 400 proiektu baino gehiagotan parte hartzen du

03/02/18


2018ko otsailaren 4a, Minbiziaren aurkako Nazioarteko Eguna

Garatzen ari den ikerketak prebentzioa, diagnostikoa eta diziplina anitzeko arreta hobetu nahi ditu, tratamendu pertsonalizatuagoak lortzea xede.

Euskal osasun-sistema publikoak, egun, minbizia ikertzeko 411 proiektutan parte hartzen du. Proiektu horiek, bereziki, Biodonostia Osasun Ikerketako Institutuan (ESI Donostialdea), Biocruces Osasun Ikerketako Institutuan (ESI Ezkerraldea-Enkarterri-Cruces) eta ESI Bilbao-Basurton ari dira garatzen.

Jon Darpón Osasuneko sailburuak minbiziaren aurkako nazioarteko egunaren harira adierazi duenez, “Osakidetzan garatzen ari diren ikerketaren lehentasunezko helburua da tratamendu pertsonalizatuagoak lortzea, hartara, eraginkortasuna areagotu, albo-ondorioak murriztu eta, azken batean, pazienteen osasuna eta bizi-kalitatea hobetzekoIzan ere, minbiziaren alorra da Euskal Osasun Sistema Publikoaren ikerketa arlo nagusietako bat eta ildo horretako ikerketa-proiektuak sustatzen jarraituko dugu”.

Osakidetza sarearen hainbat zentrotan garatzen ari diren ikerketa onkologikoa translazionala da eta oinarrizko ikerketa-ildoetatik hasi eta aplikatutako ikerketa klinikoraino doa, eta pazienteei azterketa klinikoen bitartez zuzenean iristen zaie.

Ikerketa-ildo horien helburuak dira, besteak beste, minbizia mota ezberdinen molekula- eta zelula-mekanismoak ulertzeaestrategia diagnostiko eta terapeutiko berriak garatzea biomarkatzaile berriak ezaugarrituta, minbizia duten pazienteentratamendu pertsonalizatua sustatzea, hala pazienteek tratamenduari erantzun kliniko hobea emateko, edo farmako berrien eraginkortasuna frogatzea, paziente onkologikoaren arretaren kalitatea hobetzea helburu. Horiez gain, arretaren kalitatea hobetzeari begirako beste ildo batzuk ere jorratzen dira, esaterako, talde-terapia psikologikoak garatzea edo koloneko minbiziaren diagnostikorako endoskopia teknikoak hobetzea.

Osasun-sistemaren ikerketa-ildoek minbizi mota sorta zabala barne hartzen dute, baina, duten eraginagatik, aipatzekoak dira: bularreko eta prostatako minbizia, digestio-aparatuko tumoreak, Nerbio Sistema Nagusiko tumoreak, buru eta lepoko minbiziak, hematologia-minbizia eta azaleko minbizia.

Osakidetzak punta-puntako ikerketa-taldeak ditu eta beren jarduera Biodonostia, Biocruces eta Bioaraba Osasun Ikerketako Institutuetan egiten dute. Gainera, osasun-sistemaren ikerketa-jardueraren funtsezko alderdia da farmakoekin egiten diren entsegu klinikoetan eta bestelako azterketa klinikoetan parte hartzea, pazienteek terapia berriak jasotzeko aukera izateko.

Nabarmentzekoa da, baita ere, Osakidetzan egiten diren ikerketa onkologiko guztiak bat datozela Osasun Sailak laguntzaren alorrean dituen ekimen estrategikoekin; laster Euskadiko Plan Onkologiko Integrala osatuko dute. Plan horren ondorioz, Euskadiko onkologiako languntzarako baliabide guztiak berrantolatuko dira, paziente onkologikoari arreta hobea eskaintzeko asmoz. Laguntza garrantzitsua eskainiko dio horri Osakidetzan egiten ari diren ikerketak, baita Osasun Sailak egin berri duen azterlanaren datuek ere. Txostenak “Minbizia gainditzea Euskal Autonomia Erkidegoan 2000-2012” du izenburua eta datorren astean aurkeztuko du Jon Darpón sailburuak.

top
<Itxi