logo-osakidetza logo-gb

Osasun Sailburu Jon Darponek Ikerketa eta Berrikuntzaren zeregina azpimarratu du

25/01/18


Bioaraba Osasun Ikerketa Institutuko arloetako arduradunekin izandako lan-bileran

Bioaraba, Osakidetzako toki-eremuan egiten den osasun-ikerketa guztia biltzen duen institutua, funtsezko elementua da, gaur egun, Arabako bikaintasunaren berrikuntzarako. Institutua osatzen duten profesionalek nazioarteko hainbat proiektutan lan egiten dute, baina Osakidetzak eta Osasun Sailak 2017ko uztailera arte ez zuten zentro hori –Biocruces eta Biodonostia anaien antzera– eratu zenetik beren azpiegituretan sortzen diren I+G+b finkatzeko apustua berretsi. Gaur egun, zortzi ikerketa-arlo biltzen ditu jada: Osasun Mentala eta Hauskortasuna; Gaixotasun Kardiobaskularrak; Loaren Nahasmenduak; Arnas Gaixotasunak; Osasun Zerbitzuak, Komunitateko Medikuntza eta Big Data; Gaixotasun Arraroak; Antibiotiko bidezko terapia eta Garapen Farmazeutikoa, eta Sistemen Patologia.

Horietako arlo batzuk oraindik sortu berriak badira ere, Bioaraba erreferentzia da munduan loaren nahasmenduei, kanabisaren kontsumo eta osasun mentalaren loturari eta dieta mediterraneoak patologia kardiobaskularren tratamenduetan duen eraginari buruzko ikerlanetan. Osasun sailburu Jon Darponek lan-bilera izan zuen atzo institutuaren arloetako arduradunekin, orain arte lortutakoa eta geroan garatuko dituzten proiektuak lehen eskutik ezagutzeko. Bilera hori Araba Unibertsitate Ospitaleko kanpo-kontsulten eraikinean izan zen eta horretara, Osasun sailburua eta arloetako arduradunak ez ezik, Osasun saileko eta Osakidetzako goi-kargudunak edo Bioarabako koordinatzaile zientifiko Joaquin Duran ere bertaratu ziren. “Ikerketa eta berrikuntza nahitaezko tresnak dira pertsonen osasunaren emaitzak hobetzeko, osasun-sistema aldatzeko eta euskal gizartearen garapen ekonomiko eta soziala bultzatzeko. Hori dela eta, funtsezkoa da arlo horietan lan egiten jarraitzea eta ikerketa sustatzea”, adierazi zuen.

Osasun Mentala eta Hauskortasuna izeneko arloan lorpen hauek nabarmentzen dira kanabisari uzteak “psikosiaren pronostikoa erabat aldatzen duela” ondorioztatu duten ikerlanak. Gaur egun, talde hori umeengan eta nagusiengan arrisku-faktoreak eta gaixotasun mentalaren aurrean babestea dituzte aztergai, baita hauskortasunaren arrisku-faktoreak ere. Gaixotasun Kardiobaskularrak izeneko arloak, bestetik, hainbat patologia prebenitzen dihardu, hala nola, miokardioko infartua edo garuneko iktusa dieta mediterraneoaren bidez. Izan ere, Predimed saiakuntza klinikoa lehena izan da dieta horren onurak frogatzen.

Loaren Nahasmenduak izeneko arloak, berriz, Somnibel jarrerazko gailua garatu du, lo egitean ahoz gorako etzanera jarrera saihesteko, eta horri loaren gaineko hainbat ikerketa-arlotako 16 proiektu aktibo gehitu zaizkio. Arnas Gaixotasunak arloan, ildo finkatuena biriketako tronboenbolismoa da. Osasun Zerbitzuak, Medikuntza Komunitarioa eta Big Data arloan gaixotasun kronikoen maneiurako IKTak sortu dira.

Gaixotasun Arraroak arloko ikertzaileak nazioarteko gidaliburu klinikoak egiten ari dira diagnostiko kliniko eta molekularra eta pazienteen jarraipena egiteko; eta Antibiotiko bidezko terapia eta Garapen Farmazeutikoa arloan dihardutenak, besteak beste, mikrobioen aurkako kontsumoaren araberako erresistentzia bakterianoak aurreikusteko ereduetan lan egiten ari dira. Sistemen Patologia arloak zerbitzu asko barne hartzen ditu, eta horiek, gaur egun, 72 ikerlan klinikotan garatzen ari dira.

top
<Itxi