logo-osakidetza logo-gb

“MEDICAL DEVICES: gailu medikoen aldeko apustua” jardunaldia

30/10/17


Pasa den astelehenean, 2017ko urriaren 23an, “MEDICAL DEVICES: gailu medikoen aldeko apustua” jardunaldia egin zen Donostian. Bertan, zientzia eta teknologia arloen euskal sareko zentroen, erakundeen eta enpresen 175 ordezkari bildu ziren.

Jardunaldi hau Basque Health Cluster osasuneko euskal enpresen elkarteak antolatu du eta SPRIk eta Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkeak sustatu dute, Berrikuntza+Ikerketa+Osasuna Euskal Fundazioa -BIOEF-, IK4 eta Tecnaliaren laguntzarekin. Jardunaldia Basque Health Cluster elkartearen Pedro Esnaola presidentearen ongietorriarekin hasi zen, eta osasuneko industrien ehunean Euskadin gailu medikoen arloan diharduten enpresek duten garrantzia azpimarratu eta gero esan zuen oinarrizko balioa duen katea osatzen dutela Basque Health Cluster elkartearen konfigurazio berrian.

Ondoren, Osasun Saileko Osasun Ikerketa eta Berrikuntzaren Zuzendaria den Maria Aguirrek I+G+b-n laguntza publiko-pribatuaren elementu aktibo bezala osasun sistemak duen garrantzia aipatu zuen, eta Osasun Sailak zuzentzen duen Biozientzia-Osasuna arloan RIS3 espezializazio adimentsuaren estrategiaren hedapenaren aurrerapena azaldu zuen. Gainera, Osasun Arloko Ikerketa eta Berrikuntzarako Estrategiarekin osatzen du, osasun arloan I+G+b jardueren eragina handitzeko asmoa duena. Maríak azpimarratu zituen ikerketa eta garapenean egindako inbertsioaren handitzea, berrikuntzako ardatz nagusien sustapena eta osasun-, zientzia- eta enpresa-gaitasunen bateratasuna. Gaitasun hauek gaixoen onurarako diren produktu, prozesu eta zerbitzu berriak garatzera zuzenduta daude baina, aldi berean, euskal sektore biosanitarioaren hazkundearen motorra dira ere.

Bere aldetik, Basque Health Cluster-en zuzendaria den María Pascual de Zuluetak Biocluster-aren bilakaera berria azaldu zion Health Clusterari, osasun-sektoreko enpresei laguntza emateko helburua izanda merkatura zuzenduta egoteagatik izan duena, hain zuzen ere. 650 milioi eurotik gorako fakturazioa duten 110 enpresez osatua eta urtero %10-eko hazkunde iraunkorra izanda, sektoreak 2.300 pertsona baino gehiagori ematen dio lan. Medical Devices eta e-Health balio katea funtsezko garrantzia duen alor bezala azaltzen da Cluster-aren barruan. Asko eskatzen duen sektore bat denez eta goi-mailako prestakuntza duten langileak eta abangoardiako azpiegiturak eta ekipamenduak behar dituenez, inbertsio ekonomiko handiak behar dituen sektore bat da. Gainera, produktu berrien garapenak oso luzeak dira “Baliozkotze Klinikoak” behar dituzten arau-eskakizunengatik, eta ondorioz osasun sistemarekin batera lan egitea derrigorrezkoa da. Basque Health Cluster elkarteak bere bazkideei hiru ardatz nagusitan laguntza ematearen alde apustu egiten du: Lankidetza, bai enpresen artekoa bai publiko-pribatua, internalizazioa eta sektorean espezializatutako finantziazioa erakartzea.

Jardunaldi berean SPRI-k egindako Euskadiko Gailu Medikoen eta Osasun Digitalaren Direktorioa aurkeztu zen. Dokumentuan sektore horretan lan egiten duten euskal enpresen gaitasunak eta eskaintza zientifiko-teknologikoa agertzen dira, zazpi ataletan banatuta: gailu elektromedikoak, kontsumigarri biomedikoak, ortopedia- eta errehabilitazio-teknologiak, irudi medikoa, e-osasuna, in vitro diagnostikoa eta laborategiko ekipamendua.

Jardunaldiaren bigarren zatian, BIOEFek koordinatzen duen Innosasun programaren arduraduna den Lorea Mendozak programa hau zertan datzan azaldu zuen. Programa honen bidez egituratzen dira euskal osasun sistema publikoaren, industriaren eta lotura duten beste eragileen arteko elkarrekintza eta lankidetza berrikuntzaren arloan. Innosasun programak arreta ematen die enpresen eta eragile zientifiko eta teknologikoen beharrei eta behar duten laguntza pertsonalizatua ematen die aholkularitza eta produktu edo zerbitzu berriei buruzko orientazioan, ikerketa klinikoetan, lagin biologikoen hornikuntzan edo merkatu-ikerketen edo beste analisietan. Programaren indarra osasun sistemaren gaitasun, know how eta lankidetza sare handian datza, enpresentzat zabalik dagoen berrikuntza ekosistema bat bezala funtzionatzen baitu. Behar bat agertzen denean, behar hori identifikatzen da eta osasun arloko profesionalez eta hainbat osasun-erakundeen ikertzailez osatutako ad hoc talde espezializatu bat sortzen da erantzuna emateko. 2014an hasi zenetik, Innosasun programak Euskal Herriko 83 erakundeei erantzun die, gehienbat ETEak zirenak (%55), eta eman ditu hobekuntzak produktuen lan-sortan, behar klinikoetarako orientazio hobea, negozio lerro berriak zabaltzea eta merkaturako sarbide berria.

Jardunaldia amaitzeko sei enpresek produktu eta zerbitzuen garapenaren kasu praktikoak azaldu zituzten, horietako asko osasun sistemarekin elkarlanean eginda. Parte hartu zuten enpresak hurrengoak izan ziren: Optimus 3D, Vitia, microLIQUID, Cikautxo Group, Virtualware eta Mizar.

top
<Itxi